Uharteko Arte Garaikidea zentroan egindak ekitaldian jakinarazi denez, Leire Salaberriak (Andoain, 1983) aurkeztutako Hiltzaileak albumak irabazi du 2014ko Etxepare saria. Leire Salaberriak sari hau irabazi duen bigarren aldia da.
Aurten epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek, eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute, eta lanaren kalitatea, originaltasuna eta berezitasuna azpimarratu dituzte.
Epaimahaikideen esanetan: Autoreak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki du. Hitza eta irudia primeran uztartzen ditu eta intrigari eusten dio istorioa amaitu arte. Amaiera borobil bezain lasaigarri batez ixten du trama, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz.
25 lan aurkeztu dira aurten Etxepare sarian, urtez urte handitzen ari da aurkeztutako kopurua, eta dagoeneko ezinbesteko erreferentzia bihurtu da haurrentzako euskarazko album ilustratuen esparruan. Sari honen ondorioz argitaratuko den den 8. liburua izanen da, hain zuzen ere, Leire Salaberriak osatutako Hiltzaileak lana.
Pamielak argitaratuko du albuma, 2014k urria-azaroan, eta 1.000tik gora ale banatuko ditu.
Gaur Uharten egin den ekitaldian irabazleari saria eman zaio, lanaren inguruko argibideak eskaini dira eta 2015. urteko deialdiaren nondik norako nagusiak azaldu dira.