BERRIA (2016/06/24) http://www.berria.eus/paperekoa/2470/011/001/2016-06-24/legezko_jo_dute_ultzamako_udal_langileei_euskaraz_jakiteko_eskatzea.htm
UPNren inguruko talde batek jarritako salaketa atzera bota du auzitegiak. Administrariei EGA eskatzea gehiegizkoa zela salatu zuen taldeak
Nafarroako Administrazio Auzitegiak legezkotzat jo du Ultzamako Udaleko langile guztiei euskaraz jakiteko eskatzea, maila desberdinekin. Agrupacion Ultzama taldeak jarri zuen salaketa —UPNren inguruko taldea da; besteak beste, hango kide da Cristina Altuna UPNko parlamentaria—, argudiatuz ez zegoela ondo arrazoitua euskara eskatzea udal langile guztiei, eta gehiegizko maila ari zirela eskatzen —administrazio arlokoei C1 maila, eta gainerakoei, handik beherakoa—. Epaileak hankaz gora bota ditu argudioak, esanez euskaraz zerbitzu ematera behartua dagoela udala, eta, beraz, langileek jakin behar dutela.
Otsailean onartu zuen udalak aurtengo lantaldearen zerrenda —EH Bildu dago alkatetzan—. Zazpi langile ditu herriko etxeak. Administrazioko langileei C1 maila ezarri diete —idazkariari, administrazioko ofizialari eta bi laguntzaileei—, eta gainerako langileei, beheragokoak —ahoz C1 edo B2 mailak, eta idatziz, B1 edo A2—. Agrupacion Ultzama taldearen iritzirako, «neurriz kanpokoak» dira hizkuntza eskakizun horiek. Eremu euskaldunean dago Ultzama, eta herriko euskara gaitasuna %60koa da, azken datuen arabera.
Salatzaileen argudioa ez du ontzat hartu epaileak, gehiegizko gaitasuna eskatu dela. Gogorarazi du udalak euskaraz eta gaztelaniaz idatzi behar dituela eremu euskalduneko beste erakunde batzuentzako dokumentuak, ziurtagiriak ere hala eman behar dituela eta herritarrei bi hizkuntza ofizialetan kasu egiteko gai izan behar duela. «Ez dirudi neurrigabekeria denik euskarazko C1 maila eskatzea idazkariari eta administrazioko langileei, bi hizkuntzetan aritu behar baitute».
Diskriminazio salaketak
Beste langileei ere euskaraz jakiteko eskatzea ontzat jo du auzitegiak, «herritarrekin erlazionatzeko adinako maila izateko eta bi hizkuntzetako dokumentuak erabiltzeko». Gogorarazi du udal txikia dela. «Arrazoizkoa da pentsatzea denek lan egiten dutela publikoarekin harremanetan».
Euskara eskatzea herritarrentzat «diskriminatzailea» zela ere salatu zuen oposizioak. Herritarren gehienek EGA ez dutenez, udalean lanpostua lortzeko aukerarik gabe uzten dituztela. Epailearen erantzuna: «Seguruenik, herritar gehienak ere ezingo dira udal idazkari izan, ez daukatelako horretarako titulaziorik. Ez du berdintasuna urratzen horrek»