Nafarroako ipar-mendebaldeko Euskara zerbitzuek elkarlanean Enpresan Euskara Txertatzeko Eskuliburua zabalduko dute haien eskualdeetako enpresetan euskara lan munduan sustatzeak duen garrantziaz ohartarazteko eta horretarako dauden aukerak eta laguntzak jakinarazteko.
Asmoa da euskararen erabilera lantokietara hedatzea; izan ere, nahiz eta hezkuntzari esker lan mundura sartzen diren langile berri ia guztiak euskaldunak izan, lantokietako hizkuntza nagusia gaztelania izan ohi da.
Eskuliburu honen bidez ipar-mendebaldeko Euskara zerbitzuek era guztietako enpresei proposatu nahi diete euskararen aldeko urratsak egin ditzaten. Horretarako arrazoiak anitzak dira: enpresaren ikuspegitik, euskarak merkatu berriak irekitzeko balio dezake, kalitate faktorea izan daiteke, mundu globalizatu honetan elementu bereizgarri gisa erabil daiteke, enpresa barneko kohesio elementua eta langile euskaldunen arteko komunikazioa hobetzekoa; gizartearen ikuspegitik, herritar gehienen euskararen aldeko jarrerarekin bat egitea, euskararen erabilera sustatzeko aitzindari izatea, eskualde honetako herrien ezaugarri nagusietako batekiko erantzukizuna erakustea.
Barrura nahiz kanpora begira, enpresek asko egiten ahal dute haien eguneroko jarduna euskalduntzeko, bai idatzizko komunikazioan (errotulazioa, papertegia eta zigiluak, web gunea, publizitatea, enpresaren eskuliburua, segurtasun eta osasun mezuak, lan parteak, nominak eta kontratuak..., bai ahozkoan (telefonozko harrera, erantzungailuaren mezua, ahozko harreman informalak, ahozko harreman formalak...). Hori guztia erabilera plan baten bidez eginen da, eta egiteko horretan aholkularitza enpresa batek laguntzen ahal die.
Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera lantoki pribatuetan sustatzeko dirulaguntza ematen du, urte hasieran Euskarabideak egiten duen deialdiaren bidez, non zenbait modalitatetan 141.000 euro banatzen dituen. 2023ko deialdia
Azkenik, asko dira merkataritzaren alorrean ari diren eskualdeko eragileak. Gure eskualdeko udalek, mankomunitateak berak eta baita UEMAk ere azken urteotan hainbat urrats egin dituzte merkataritzan ari diren horiei laguntzeko: itzulpen eta zuzenketa zerbitzuaz gainera, eguneroko jardunean behar izaten diren hainbat material eskaini dira (faktura-ereduak, kartelak, egutegiak…), baita ostatu eta enpresen web-orriak euskaratzeko laguntza ere, Bai Euskarari ziurtagiria eskuratzeko dirulaguntzak, eta abar. Hona hemen euskara zerbitzuekin harremanetan jartzeko moduak:
Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko euskara zerbitzua
Tel.: 948 504400
e-posta: larbeleareuskaraz@iparmank.eus
Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzamako euskara zerbitzua
Tel.: 948 30 51 34
e-posta: ezubioa@iparmank.eus
Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako euskara zerbitzua
Tel.: 948 510814
e-posta: laga@iparmank.eus