Lehendik ere iragarrita dago, baina berriz ere gogoraraztea ez da gaizki etorriko. Korrika martxoaren 19an abiatuko da Urepeletik, eta 21ean, goizaldean, gure eskualdera iritsiko da. Ostiralean 23:00ak aldera Iruñetik pasatu ondoren, Irurtzun aldera abiatuko da, eta hortik sartuko da gure eskualdean. Madotz (02:43), Oderitz 02:56), Astitz (03:08), Alli (03:26), Lekunberri (03:42), Uitzi (04:10) eta Leitzatik (05:02) pasako da. Eskualdeko hainbat udal, elkarte, talde, enpresa, eragile eta herritarrek lasterketarekin bat egin dute korrika laguntzaile edo korrikalagun bihurtuz, edo kilometroa erosiz.

Korrika pasatzen denean, ekimen indartsu hau laguntzeko beste modu bat izanen dugu, lasterketan bertan  parte hartuz eta euskararen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabalduz. Aurreko edizioetan bezala, ziur oraingoan ere gure eskualdeko herrietako makina bat lagun egonen dela ibilbidean zehar Korrika laguntzeko eta bertan parte hartzeko prest.