Espainiako Estatuko abokatuak helegiteak jarri dizkie Anoeta eta Lezoko udalei, legea urratu dutelakoan euskara irizpideekin
BERRIA. 2013-05-11
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariak iragarri zuen ez zuela utziko hizkuntza auziengatik inor baztertzen. Gipuzkoako 36 udalek kontratazio publikoetan euskarari buruzko baldintza batzuk eskatzea erabaki dute; urtarrilean eman zuten horren berri. Lehenago, urrian, diputazioak jakinarazi zuen asmo bera. Ikertu egingo zuela esan zuen Urkijok. Delitu «zantzu argiak» sumatzen zituela enpresei euskarari buruzko ezagutzak eta baldintzak eskatze horretan. BERRIAk jakin ahal izan du Gipuzkoako bi udalek hartutako erabakiei helegiteak jarri dizkiela Espainiako Estatuko abokatuak. Euskarari lehentasuna emateko erabakiekin legea urratu delakoan jo du estatuko abokatuak udalen aurka. Oraingoz, Anoetan eta Lezon jaso dute helegitearen berri.
Auzia iazko udazkenetik dator. 2009an Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizaziorako hartutako erabaki batzuk gauzatzea erabaki zuen garai hartan; urrian azaldu zuen kontratazio publikoetan klausula batzuk gehitzen hasiko zela. Harrezkero, lehiaketa publikoetara aurkezten diren enpresei euskarari buruzko irizpide batzuk eskatzeko bidea egiten ari da diputazioa. Neurriak ez duela legerik urratzen esan zuen orduan Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariak: «Legezkoa da. Bi hizkuntzak dira ofizialak».
Baina hautsa harrotu zuen erabakiak. Euskara ezin dela inposatu erantzun zioten oposizioko alderdiek diputazioari. PPko zenbait kidek legea urratzen ari ote zen ikertzeko eskatu zuten. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak ere iragarri zuen auzia ikertuko zuela. UPDk eta PPk Europako Parlamentura ere eraman zuten kontua. Baina auzibiderik ez da hasi diputazioaren aurka. Erabakia 2009koa dela, eta garatu besterik ez duela egin azaldu izan du aldundiak. Euskarari buruzko irizpideak ez direla bakarrak erantsi izan du; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko baldintza batzuk ere eskatzen dizkie enpresei lehiaketa publikoetan, esaterako.
Aurten, urtarril hondarrean, Gipuzkoako beste hainbat erakundek bat egin zuten diputazioak hartutako bidearekin. Herrialdeko 36 udalek eta Urola Kostako Mankomunitateak konpromisoa hartu zuten euskarari kontratazioetan eta lekua egiteko. Udal horien artean ziren Lezo eta Anoeta; erabakia hartzen lehenetarikoak izan ziren.
Espainiako Estatuko abokatuak, oraingoz, bi udal horien aurka jo du. Kontratazioetan euskarari lekua egiteko erabakien aurka helegiteak jarri ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu ditu helegiteak, eta bi udalei eskatu die hartutako erabaki horien agiri originalak bidaltzeko. Hogei eguneko epea eman die agiriak bidaltzeko. Auzitegiak agindu zehatz bat ere eman die udalei, agiriak gaztelaniaz bidaltzeko eskatuz eta legeak horretara behartzen dituela oroitaraziz: «Euskara hutsean eginda dauden dokumentu guztiak gaztelaniara itzulita bidali beharko dira».
«Boterea», euskararen aurka
Estatuko abokatuaren erabakiari gogor erantzun dio Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: «Beste behin, estatuak boterea darabil, gure hizkuntzaren, herri honetako berezko hizkuntzaren, berreskurapen prozesuari galga jartzeko». Anoetako eta Lezoko udalei «babes osoa» agertu die Kontseiluaren izenean.
Gipuzkoako erakunde publikoek urtarrilean hartu zituzten konpromisoak «urrats esanguratsua» izan zirela nabarmendu du Bilbaok, udalek euskarari «beharrezkoa duen zentralitatea» eman ziotelakoan. Kontseiluko idazkari nagusiak salatu du Espainiako Gobernuak eta haren mendeko instituzioek hizkuntza politikari buruzko «azken hitza» eduki nahi dutela uneoro, eta «erabaki ausartak» hartuz gero eraso egiten dutela.
Euskararen komunitateak «hizkuntza politika berri eta eragingarria» behar duela eta hori garatzeko «kanpoko esku hartzeak» bazter batera utzi behar direla nabarmendu du Bilbaok: «Euskaraz bizitzeko herritarren nahiari erantzuteko, neurri eta politika ausartak behar ditugu, eta horrelako erasoei ezezkoa emateko garaia iritsi dela uste dugu».