Abenduaren 26an Kale edo bale… Balikebale! lehiaketa egin zen Leitzan. Zinemako sarrera guztiak aldez aurretik salduta, zinema bete-betea eta giro apartarekin, Leitzari buruzko jakingarriak eta ezagutza ardatz izan dituen lehiaketa egin zen. Bederatzi ariketa eta finalarekin osatu zen saioa eta, nor baino nor, lau talde lehiatu ziren. Finalera bi talde iritsi ziren, eta Tomas Erbitik, Olatz Alduntzinek eta Oihan Alduntzinek osatutako hirukoteak irabazi zuen lehiaketa. Saio interesgarria, bizia eta dibertigarria izan zen, eta tartetxo atsegin bat igarotzeaz gain, Leitzari buruzko hainbat kontu ikasteko ere balioko zien joandako guztiei.