Jean Haritxelar idazle, euskaltzale eta euskaltzain baigorriarra, hainbat urtez Euskaltzaindiko kide eta lehendakari izandakoa, hil egin da azken asteotan ospitalean ingresatuta egonarazi zuen gaitz larriaren ondorioz.

Jean Haritxelar Baigorrin sortu zen, 1923. urtean. Lanbidez irakaslea izan zen, 1952tik 1959ra

Agen-eko Lizeoan, eta 1962az geroztik Bordeleko Unibertsitatean. 1969ra arte gaztelera irakasle, eta

1969tik 1986ra euskal hizkuntza eta literatura katedradun.

 

1962en euskaltzain oso izendatu zuten, Jules Moulier “Oxobi”ren ordezko, aurretik urgazle izan gabe.

Hala izendatutako lehendabizikoa izan zen akademiaren historian, sorrerako 12 kideak salbu. Geroztik

Euskaltzaindiko kide izan zen, buruorde 1966tik aurrera zenbait urtez, eta lehendakari 1988-2005

epean. Euskaltzaindiko kide izan zen, beraz, 50 urte baino gehiagoz.

 

Euskaltzain izateaz gainera 1959an sortutako IKAS erakundeko kide ere izan zen nahikoa

hastapenetatik. Iparraldeko euskalgintza eta kulturgintza elkartzeko sortu zen Pizkundea 1981.

urtean, eta bilguneko lehendabiziko zuzendaria izan zen, baita Baigorriko alkate ere 1971tik 1980ra,

Baionako Euskal Erakustokiko Zuzendari 1962tik 1988ra, eta euskararen inguruko hainbat proiektu

edo jardueretan ere aritua: UEU, tesien zuzenketa...

 

Sarritan izan da saritua eta omendua eta, besteak beste, 1988an doctor honoris causa izendatu zuen

Euskal Herriko Unibertsitateak. 2004. urtean Manuel lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak, eta

2005ean Manuel Irujo Saria jaso zuen. Euskaltzaindiak 2005. urtean egin zion omenaldia bere

sorterrian, Baigorrin, eta Iker 21 argitalpena eskaini zion.