Liburuak erosteko 30 euroko bi txeke zozketatu dira Larraintzarko liburutegian
Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren barrenean euskarazko literatur liburuak erosteko 30 euroko bi txeke zozketatu dira. Kanpainan parte hartzen ari direnen artean egin da zozketa, eta aurten maiatzeko zozketan Beuntzako Miren Egozkue Goldaratz izan da saritua; ekaineko zozketan, berriz, Arantxa Puignau Santxez Arraizko bizilaguna.
Kanpainaren helburua da euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea; horretarako, liburutegian euskarazko liburu bat hartzean fitxa bat bete behar duzu; behin liburua irakurri eta liburutegira bueltatuta, liburuzainak beste liburu bat erosteko %25 euroko laguntza-txekea emanen dizu. Liburu berria irakurri eta, nahi izanez gero, beste lagun bati oparitzen ahal diozu.
Hori da Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duten kanpaina honen bidez proposatzen dizuguna. Horrela egin dute orain arte parte hartu dutenek, eta beste guztiok parte hartzeko aukera duzue ekainaren 30a arte. Gure aldetik, beraz, denoi parte hartzera gonbidatzea, eta bi saridunei zorionak!