Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina apirilaren bukaeran abiatu zen Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta bi hilabete iraun du. Aurtengo parte-hartzea hobea izan bada ere, argi dago hobetu daitekeela, batez ere helduen artean.

Aurten, bigarrenez, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina antolatu du Ultzama aldeko Euskara Zerbitzuak. Kanpaina Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera hasi zen, apirilaren 23an, eta maiatz eta ekainean irekita egon da parte hartu nahi izan duen orok euskarazko liburuak irakurriz liburu berriak merkeago erosteko, eta hala nahi zuenak beste lagun bati oparitzeko.

 

Bi hilabete hauetan, guztira 160 liburu mailegatu dira Larraintzarko Bentako liburutegian, eta horietatik 88 euskarazkoak. Mailegu gehienak haur-literaturakoak izan dira. Horrek esan nahi du, batetik, kanpainaren eragina nabarmena izan dela; eta, bestetik, ikastetxearen inplikazioak ere emaitza onak ekarri dituela.

 

Kontrapuntuan, helduen parte-hartze eskasa. Orokorrean gutxi irakurtzen bada, agerian gelditzen da euskaldun helduek ez dutela euskaraz irakurtzeko ohiturarik. Ez da izanen kalitatezko eskaintza oparorik ez dagoelako gaur egun!

 

Kanpaina honen bitartez, liburutegitik euskarazko liburu bat hartu eta irakurri ondoren, liburua itzultzean beste liburu bat %20 merkeago erosteko txekea jaso du irakurleak (25 erabiltzaile, guztira). Baina, horretaz gain, maiatzean eta ekainean zozketa bana egin da; saria, 30 euro liburuetan gastatzeko. Ainhoa Gaskue Mendibek eta Irati Otegi Irure izan ziren irabazleak. Zorionak!

 

Eta, Euskara Zerbitzuaren aldetik, esker mila ikastetxeko irakasle eta gurasoei, liburuzainari eta kanpainan parte hartu duzuen guztiei, eta animatzea hurrengo edizioan denon artean emaitza onak hobetzeko. Heldu den urtera arte.