Iturria: Berria.info
Guardia Zibilak zelatatu egin ditu D ereduan ari diren Nafarroako 1.600 maisu-maistra, ETArekin zerikusia dutela frogatzeko asmoz
Lautik bat «etazalea» dela ondorioztatu du, hanka sartzez betetako baieztapenak eginda
Hezkuntza ere iritsi da Guardia Zibilaren ikerketapera. Nafarroan D ereduan ari diren irakasleak ikertzen aritu da, ezker abertzalearekin zer-nolako lotura duten aztertzen, hezkuntza ETArekin lotzeko helburuarekin. D ereduan aritzen diren 28 eskolatako irakasleak ikertu ditu Guardia Zibilak —ez dute zehaztu zein; soilik Nafarroa iparraldekoak direla—, eta ondorio bat atera du: lau irakasletik bat «etazalea» da, ETAren inguruarekin nolabaiteko harremana duena. LAB sindikatuko kide izatea, adibidez, aski izan dute hori esateko. Espainiako Gobernuak bilera bat egin du jada UPNrekin, «zer neurri hartu erabakitzeko». Nondik jo dezaketen galdetuta, isiltasuna da erantzun.
Filtrazioen bitartez eman dute ikerketa horren berri. Diario de Navarra-k argitaratu zuen aurreko astean lehen berria. El Mundo eta ABC batu zitzaizkion atzo. Titulu deigarrietan eman dute. El Mundo, atzo: «Guardia Zibilaren alerta: ETA Nafarroako eskoletan infiltratu da». Guardia Zibilarenean galdetuta, baieztatu dute txosten bat egin dutela irakasleei buruz, eta zuzenak direla horren harira argitaratutako albisteak.
Zerrendak osatu ditu irakasleen datuekin Guardia Zibilak. Haren arabera, gaur egun Nafarroako 155 ikastetxetan ematen dute euskara hutsezko eredua. Haietako 28 aztertu dituzte. Eta zorrotza da egindako jarraipena: zein sindikatutako kide diren, legez kanpo utzitako zerrendetan ageri ote diren, senideren bat preso ote duten, kartzelara bisitan joaten ote diren... «Etazaletzat» jo dituzte horietakoren bat betetzen duten maisu-maistra denak. Lautik bat.
«Zerrenda beltzak»
Osotara 1.652 irakasle ikertzen aritu dira, eta 441 «etazale» aurkitu dituzte. Gehienak, 241 irakasle, «Batasunaren inguruko taldeekin» zerikusia dutelakoan dituzte susmopean. Zein elkarte diren ez dute zehaztu; soilik «hainbat eremutako» taldeak direla. Beste 70 seinalatu dituzte «ezker abertzalearen antolakundeetan» partaide direlakoan. LABekoak dira 33. «Oso larria da. Akusazio larriak egin dituzte. Eta ikusi behar da nola egiten duten, noiz, eta nork». Kezkaz mintzo da Iker Garin LAB sindikatuko ordezkaria. «Zerrenda beltzak» hartu ditu ahotan. Uste du erreformaren aurka sortu den mugimendua estali nahian ari direla halako ikerketak eginez.
Kontuan hartzekoa da testuingurua. Batetik, administrazioko azken hauteskundeak. Lehen indarra LAB da Nafarroako sektore publikoan, igoera handia izanda: 58 ordezkari lortu zituen, aurreko bozetan baino hamabi gehiago. Irakaskuntza du indarguneetako bat. Bestetik, sindikatuen arteko batasuna oso indartsua Nafarroan, murrizketa giroak eta erreformaren aurrean UPN babesle izateak eraginda. Sindikatuek irizten diote hori zapuztu nahi dutela.
Euskarazko denak, «ikastola»
Eta euskarazko hezkuntza bihurtu da, berriro ere, horretarako lanabes. Euskaraz jarduten duten irakasleak bakarrik ikertu dituzte txostenean. Sare publikokoak, ustez. Ezker abertzalearen eragina Nafarroako Foru Erkidegoko irakaskuntzako sare publikoan du izena txostenak. Sare publikoa soilik aztertu ote duten, hori da zalantza. Ikastolak aipatu dituzte txostenean behin eta berriz. D ereduko eskola guztiak ikastola gisa hartu ditu Guardia Zibilak, eta sare publikokotzat hartu ditu.
Tesia da ezker abertzaleak estrategia bat jarri duela martxan hezkuntza kontrolatzeko, «ETAren jardun terrorista legitimatzeko eta justifikatzeko». Nabarmendu dute ikertutako irakasleen %5 noizbait atxilotu dituztela ETArekin lotuta. 13 lagun dira. Guardia Zibilaren arabera, «ETA justifikatzea» lortzeko eta hezkuntza sistema aldatzeko bidean, euskarazko ikastetxeak dira indarguneetako bat. Eta hari horri tiraka, hezkuntzako eragile bat seinalatu dute argi: Sortzen Ikasbatuaz elkartea.
Beste hanka sartze argi bat hor dago. Ikerketak dio sare pribatuko ikastolek ere «lagundu» egiten dutela ezker abertzalearen eginahal horretan, eta ikastola horiek biltzen dituela Sortzen Ikasbatuaz taldeak. Ez. Sare publikoko eskoletatik lan egiten duen taldea da.
Ikerketaren berri kezkaz hartu dute talde horretan ere. «Oso bide arriskutsua ireki dezakeela ikusten dugu», azaldu du Gari Torregrosak. Txostena «manipulatua» dela garbi utzi du, baina ez du sartu nahi joko horretan. Hezkuntzaren alde lanean segituko dutela, hori nabarmendu du etengabe: «Eskola parte hartzaileagoa, haurren eskubideak aintzat hartzea, eta euskaratik eleaniztasunerantz jotzea, horiek ditugu xede».
Uste du «Nafarroan egin den lanari eraso» nahi izan diotela. Egia da azken urteetan geldialdian sartu dela D eredua Nafarroan, baina lortutakoa ere hor dago. Guardia Zibilak iparraldea jarri du jomugan, eremu euskalduna. Aztertu inguru horretako datuak, eta bistan da euskarazko eredua nagusi dela. Ikasleen %88k ikasten dute eredu horretan, BERRIAk apirilean argitaratutako ikerketa batek azalerazi zuenez. Nafarroako Gobernuak ez ditu datu horiek eman nahi izaten. Areago, azken bi ikasturteetan ereduei buruzko datu orokorrik ere ez du eman —kazeta honek behin eta berriz eskatu ditu, eta ezezkoa erantzun diote—.
Mugimenduak Madrilen
Isilpeko txostena da zabaldu dutena. Guardia Zibilak orain aste batzuk igorri zion Barne Ministerioari, eta jakinarazi zion kontrolatzen hasiko dela jardun hori. Agiria ministerioak filtratu duela erantzun dute Guardia Zibilarenean galdetuta. UPNk dagoeneko jo du Madrilera neurri eske. Herenegun bilera bat egin zuten Carlos Salvador diputatuak eta Francisco Martinez Segurtasuneko estatu idazkariak. Ez dute azaldu nahi izan zertaz aritu ziren. UPNk lege aldaketa proposatuko duela esan du, baina ez du argitu zer. Txostenaren berri badu Hezkuntza Ministerioak, baina gaia Barne Ministerioaren eskuetan utzi du.
Larrituta, zer gertatuko zain daude eragileak. EILASek jada esan du «hezkuntza komunitate osoak» erantzun beharko lukeela.