Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2012. urteko txostena aurkeztu du. Bertan, hizkuntza eskubideen urraketak direla-eta herritarrek jarritako salaketen berri ematen da, eta Euskal Herri osoan hizkuntza eskubideen egoera zertan den islatzen da. 2012an, hain zuzen ere, inoiz baino kexa gehiago jaso ditu Behatokiak, 1.515 kexa edo salaketa aztertu behar izan baitituzte
Hizkuntza eskubideen urraketak eta, horrenbestez, kexak, Euskal Herriko lurralde guztietan gertatzen dira, salbuespenik gabe. Nafarroako Gobernua da, nolanahi ere, Iruñeko Udalarekin batera, kexa gehien eragin duen erakundea.
Euskarak ofizialtasunik ez duen eremuetan, Iparraldeko hiru lurraldeetan esate baterako, oztopoak eta eskubide urraketak ohikoak eta oso sendoak dira, eta ia ezinezkoa gertatzen da administrazioarekin euskarazko harremana izatea, ez baitago horretarako inolako babes legalik.
Euskara ofiziala den eremuetan egoera hobea da, nahiz eta hor ere alde handiak dauden batetik bestera. Ofizialtasuna, nolanahi ere, ez da gaur egun bermea, euskara ofiziala den lurralde eta instituzioetan ere hizkuntza eskubideak urratzen baitira. Bestetan beste, Nafarroako eremu euskalduneko edo EAEko osasun administrazioan, modu nabarmen batean.
Kexak eta salaketak, nolanahi ere den, ez dira alor publikora mugatzen, zerbitzuen eta enpresa pribatuaren eremuan ere herritarrek hizkuntza eskubideak urratzen zaizkiela sentitu baitute, baita hala salatu ere.