Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratuta, MENDAUR bildumaren barruan Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkeren egitura geolinguistikoa liiburua argitaratu da. Liburua Amaia Apalauza Ollok idatzi du, EHUko unibertsitatean aurkeztu zuen tesi-lanean oinarrituta
Liburua 2013an argitaratu da, eta apirilean aurkzetu zuen egileak Iruñean. Amaia Apalauza iruindarra da, eta gurasoak Goldarazkoak eta Betelukoak ditu. Hainbat urtez aritu da eskualdeko hizkerak jasotzen eta aztertzen, eta Iñaki Caminok zuzenduta tesia aurkeztu zuen EHUn 2011an, epai-mahaiaren aho batezko cum laude kalifikazioa jasoz.
Liburu mardula osatu du egileak, 583 orrialdekoa, eta azterketa sakon eta emankor baten emaitza da. Lanak, atarikoaz eta bibliografiaz gainera, beste 11 atal edo kapitulu dauzka:
1.- Datu geografiko, historiko, demografiko eta ekonomikoak.
2.- Harreman sozioekonomikoak.
3.- Euskara Imotz, Basaburua Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretan.
4.- Hizkuntzaren aldakortasuna eta dialektologia.
5.- Datu-biltzea.
6.- Irizpide metodologikoak.
7.- Gure eremua beste ikertzaile batzuen lanetan.
8.- Gure eremuko hizkeraren ezaugarriak.
9.- Datuen analisi dialektologikoa.
10.- Gure eremuko hizkeren sailkapenaz.
11.- Ondorioak.