Ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da eskualdeko udalek eta ikastetxeek abian jarri duten egitasmo honen helburua. 

Urriaren 17an, asteartearekin, egitasmoaren aurkezpena egin zen, Lizasoko Flor de Vida landetxean. Eskualdeko udalek eta bi ikastetxeetako komunitateak sustatu duten egitasmo honen aurkezpena Sortzen elkarteko Begoña Bitorika bideratu zuen bertaratu ziren 30 lagunen aurrean. Lehenenik eta behin egitasmoaren azalpena egin zuen, eta, ondoren, euskararen inguruko gogoeta bat egin zen taldeka.

Ekimenaren helburua ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da. Eskualdeko ikastetxeetako hizkuntza proiektua du abiapuntu eta orokorra den kezka bat, alegia, zer egin euskara eskolako komunikazio hizkuntza duten ikasleek euskara erabil dezaten. Ondorioa, eskolak hizkuntzen gaitasuna ziurtatzen ahal du; ez, ordea, haien erabilera. Beraz, euskararen erabilera normalizatuko bada, hizkuntza proiektuak ikastetxearen mugak gainditu eta gizarte eragile guztien inplikazioa lortzea da erronka.

Lau fase nagusi aurreikusten dira: lehendabizikoan, diagnostikoa eta hizkuntza proiektuaren diseinua; bigarren, hirugarren eta laugarrenean, hurrenez hurren, plan estrategikoa, prozesuaren sistematizazioa eta, azkenik, horren balorazioa. Diagnostikoa egiteko galdeketa bat helaraziko zaie herritarrei. Horren emaitzak oso baliagarriak izanen dira egoeraren argazki zehatzena izateko; hortaz, eskertzekoa izanen da ahalik eta jende gehien eta zintzoen erantzutea.