Azken asteotan VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu dira. Nafarroan aurrena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean ondoren. Argiak eta itzalak ikus daitezke emaitzetan, eta hala azpimarratu da aurkezpenetan. Ezagutzan igoera gertatu da oro har -Iparraldea da salbuespena, haurren taldean izan ezik gainerakoetan atzera egin baita-, baina erabilerak ez du proportzio berean aurrera egiten eta zenbait kasutan, arnasguneetan esate baterako, atzerakadaren zantzuak ere ikus daitezke.
Inkesta Soziolinguistikoak errealitate ezberdinak erakutsi ditu, ondorioak ere askotarikoak dira, eta egoera konplexu eta kezkagarri horren aurrean Kontseiluak hizkuntza politika ausartak eskatu ditu, bi ardatz nagusitan oinarrituta: euskararen ezagutza unibertsalizatzea, batetik, "herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten", eta euskaraz eroso aritzeko eremuak sortzea, bestetik.
UEMAk berak ere, Mankomunitatearen ibilbidea eta ekarpena gogoratzeko martxoaren 25ean egindako ekitaldi jendetsuan, urrats eraginkorrak egin beharra azpimarratu zuen. Mankomunitateko Lehendakari Iraitz Lazkanok honela zioen: “Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badugu udalerri euskaldunok. Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege-aldetik ere“