Hizkuntza Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen du hizkuntza eskubideen inguruko txostena. Eta dokumentu horretan jasotzen du Euskal herrian barrena jasotako eskubideen hainbat urraketaren berri.

Berriki aurkeztu du 2022. urteari dagokion txostena eta, oraingoan ere, handik eta hemendik jasotako hainbat salaketa bildu ditu. Esparru publikoan nahiz esparru pribatuan gertatutakoak dira, eremu eta alor ezberdinetan, baina denetan ere hiztunaren eskubideak urratuak izan dira.

...

Txostena aurkezteko egindako agerraldian Hizkuntza Eskubideen Behatokiko arduradunek adierazi zutenez, "2022an ere, hizkuntza eskubideen aitortza jendarteko eremu ezberdinetan normalizatzetik urrun aurkitu genuen".  Gizarteko hainbat esparrutatik euskararen normalizazioaren bidean ahalegin handia egiten ari den arren, hizkuntza eskubideen urraketak eguneroko ogia izaten jarraitzen du, lurralde guztietan, administrazio guztietan, baita eremu pribatuan ere.

Behatokiko zuzendariak azpimarratutako ideien artean, honako hau: "Hizkuntza eskubideak herritar guztienak diren heinean, horiek bermatzea eta euskararen normalizaziorako pausuak ematea enpresa, elkarte eta erakunde guztien gizarte erantzukizuna da".

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak emandako datuen arabera, 2022an, guztira 1.071 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia guztietatik 976 kexak izan ziren, 54 zoriontzeko mezuak eta 41 kontsulta edo iradokizunak. Kexei dagokionez, gehienak Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lotutakoak dira.