Bederatzi urteko ibilbidea egin ondoren, Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZAk bere azkeneko alea banatu du Leitzan eta Areson. Tolosaldean proiektu komunikatibo berria lantzen ari dira, eta egokitzapen horren ondoren Leitza eta Areso proiektutik kanpo geldituko dira.

2004an hasi zen HITZA Leitzan eta Areson banatzen, eta hasieran asteko sei egunetan argitaratzen zen, bi herrietarako orrialde propio bat gordeta. Jaione Astibia izan zen HITZAko lehendabiziko kazetaria. Harpidetza kanpaina bat egin zen orduan, eta proiektua abian jarri zen.

 

Sei urteko ibilbidea egina zuenean zailtasun ekonomikoek HITZAren eskaintzea murriztea ekarri zuten, eta astean sei egunetan argitaratzetik lau egunetan argitaratzera pasa zen. Egunkariak eskualdean zeukan kazetaria eta gure bi herrietarako orrialde propioa galdu zituen, eta zailtasun horien ondorioz bertako informazioa ere urrituz joan zen.

Azkenean, bederatzi urte igarota, zailtasunek eta Tolosaldean garatu den proiektu komunikatibo berriak, Leitzan eta Areson HITZA desagertzea ekarri dute, eta euskarak espazio eta ahots bat galdu ditu.

HITZAk berak gehigarri berezi ba argitaratu du 9 urteko ibilbide hori laburtuz eta hainbat herritarren iritzia jasoz. Helbide honetan irakur edo deskarga daiteke: http://www.tolosaldekohitza.info/