Hemen da, laster, EUSKARALDIA!
Maiatzaren 15etik 25era izanen da eta dagoeneko norbanakoek izena eman dezakete, epea zabalik baitago.
Aurten 4. edizioa izanen da eta udaberrian eginen da, maiatzean.
Orain arte herriek eta elkarte, eragile, erakundeek izena emateko garaia izan dute, eta orain herritarren txanda da. Gure eskualdeko batzordeek herritarrak animatu nahi dituzte Euskaraldian parte hartzera eta izena ematera. Horretarako honako estekan sartu behar da eta galdetegi labur bat bete: izenematea.euskaraldia.eus
Aurreko edizioetan bezala 2 aukera izanen ditugu: AHOBIZI edo BELARRIPREST, eta bietako bat aukeratu behar dugu izena emateko orria betetzerakoan.
Bestalde, aurten, bada nobedade bat, HIKALDIA ere antolatu dutelako eta herriek izena eman badute bertakoek parte har dezakete Hikaldian, hiketan aritzeko ariketan. Horretarako H bat jarri behar da euskaraldiko txaparen gainean.
Leitzak eta Goizuetak parte hartuko dute HIKALDIAn, eta beraz, izena ematerakoan galdera bat eginen zaie herritarrei: HIKALDIAN parte hartu nahi al duzu? BAI edo EZ. Behin izena emanda txaparekin batera H pegatina ere banatuko zaie baiezkoa eman duten parte hartzaileei.
GIROTZEA
Data iritsi bitartean herria girotzeko hainbat euskarri izanen dira eskura. Udalek eta ikastetxeek lonak jarriko dituzte balkoi eta sarreretan, Euskaraldiarekin bat egin dutela adierazteko. Herritarrek banderatxoak ere jar ditzakete balkoietan. 5 euroan eros daitezke, eta herriko EROSLEn izanen dira salgai.
EKITALDIA Leitzan
Martxoaren 28an, ekitalda izanen da plazan, eta Leitza-Aresoko HAMAIKAKOA aurkeztuko da. Musika eta pintxoak izanen dira, baita izena emateko mahaia ere, paperean izena eman nahi duenarentzat.
IZENA EMATEKO TOKIAK ETA EGUNAK
Horrez gain, apirilaren 12an ere, Leitzako Krosa izanen den egunean, Euskaraldiko mahaia jarriko du batzordeak, aurrez-aurre izena eman nahi duenarentzat.
Herriko liburutegian ere bada horretarako aukera, paperean zein digitalean eman daiteke izena, horretarako ordenagailu bat herritarren eskura egonen baita.