www.nomedejesamedias.eus,
https://www.youtube.com/watch?t=108&v=akTQKM_eiyY
Gaurtik aurrera Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek abian jarriko dute helduak euskalduntzeko 2015-16ko matrikulazio kanpaina. Urtero bezala, nafar guztiei euskara ikastera animatzeko deia egin diete. Umorea erabilita eta harreman afektiboak aitzakia hartuta, euskara ikasten jarraitzera, berriz saiatzera, baita lehen aldiz probatzera ere gonbidatu dute.
Aurtengo kanpainarako “No me dejes a medias” leloa aukeratu dute, euskararekiko irrika berpizteko asmoz. Erabilitako mezuek eta irudiek edonori bere buruan edo irudimenean esanahi-jokorako bide ematen diote: metafora fresko, dibertigarri eta iradokitzaile bat euskara ezagutzera eta probatzera animatzeko edo aritzen jarraitzeko.
Alderdi desberdinak izanik ere, euskara gisako bigarren hizkuntza bat eskuratzeak eta sexualitatea eta afektibotasuna bizitzeak aukera ematen diote gizakiari bere burua garatzeko eta harreman atseginak gozatzeko. Hona hemen, hain zuzen, kanpainako mezuaren muina: osotasunean bizi daitezkeen onurak erdizka ez uztea.
Bizitzan bezala, euskarari dagokionez, hastea bezain garrantzitsua da ikas prozesuan etsi gabe aurrera egitea hori azken bururaino eramateko eta hizkuntza gozatzeko. Batzuetan ikas prozesuak luze jo dezake eta, zenbait arrazoi direla-eta, hainbat lagun bide hasieran, erdian edo bazterrean geratzen dira, euskara erdizka edo “bukatu” gabe utzita. Kanpaina bereziki haiei zuzenduta dago, baina baita inoiz probatu ez dutenei ere.
Gaur egungo komunikazio-joerak ikusita eta sare sozialen zein mugikorren erabilera eta hedapena eta ikus-entzunezkoen garrantzia aintzat hartuta, jendearengana iristeko bide berriak urratu dira. Horrela, kanpainarako bideo labur bat prestatu da interneten eta sare sozialetan dagoeneko zabaldu dena. Hartara, helduak euskara ikastera animatzeko kanpainak jendea erakartzeko tresna berria erabili du “poltsikoan” sartzeko, eta, bide batez, bere mezua udal antolatzaileek barne hartzen duten eremu fisikotik harago eramango du.
Euskara Zerbitzuek gogora ekarri dute Nafarroan euskaltegien sare zabala dagoela, urtero ehunka lagun erakartzen dituena eta hamarkadatan haien lanari esker milaka eta milaka lagun euskaldundu eta gozarazi dituena. Horietan hamaika aukera, modalitate eta erritmo daude, edonoren behar eta gustuetara egokitzeko eta edonor gogobetetzeko.
Euskara Zerbitzuek nabarmendu nahi dituzte euskara ikastearen onurak, euskaltegietan aritutakoek berretsiak: euskara ikastean bizi izandako sentsazio atseginak, sentitutako zirrarak eta esperientziak, sortutako harremanak… eta behin euskara ikasita, perspektiba sorta zabala, besteak beste: euskararen kultur unibertsoa eskura izatea, harreman pertsonalen sarea gure hizkuntzaren geografia osora zabaltzea, lanerako aukera berriak izatea, etab.
Horiek direla eta, Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek euskara oraindik ezagutzen ez dutenak probatzera animatu nahi dituzte, eta jada hasiak direnak edo inoiz aritu direnak erdizka ez uztera eta jarraitzera, euskaraz gozatu eta gogobetetzeko.
Hilabete osoan helduen euskalduntze kanpaina gure etxe, ordenagailu eta mugikorretara sartuko da Euskara Zerbitzuek erabiliko dituzten euskarrien bidez. Aurten mezu hori zabaltzeko, aipatu bideoaz gain, Euskara Zerbitzuek web berria prestatu dute www.nomedejesamedias.eus, eta denon eskura jarriko dituzte 51.000 esku-orri eta 800 kartel. Euskarri horietan Nafarroako euskaltegien datuak, loturak eta beste xehetasun batzuk aurki daitezke.
Helduen matrikulazio kanpainako laguntzaileak AEK, EOIP-IHEO, IKA, Zubiarte euskaltegi publikoa eta Euskarabidea dira.
Antolatzaileak:
Udalak/Ayuntamientos: Agoitz/Aoiz, Antsoain/Ansoáin, Aranguren, Artzibar/Valle de Arce, Atarrabia/Villava, Auritz/Burguete, Basaburua, Berriobeiti/Berrioplano, Berriozar, Burlata/Burlada, Eguesibar/Valle de Egüés, Odieta, Erroibar/Valle de Erro, Esteribar, Etxauri, Galar, Gares/Puente La Reina, Imotz, Lizarra/Estella, Luzaide/Valcarlos, Oltza Zendea/Cendea de Olza, Orkoien, Uharte/Huarte, Ultzama, Zizur Nagusia/Zizur Mayor.
Mankomunitateak/Mancomunidades: Sakana
Batzorde Nagusiak/Juntas Generales: Aezkoa, Erronkari/Roncal, Zaraitzu/Salazar.