Irundik Baionara, 11 egun Euskal Herri osoan zehar ibiliko da aurten ere Euskararen alde.
Martxoaren 19an iritsiko da gurera 23. Korrika, asteburu pasata eta motorrak berotuta. Asteartean bederatziak eta erdi aldera Imozko korrikalariek hartuko diete lekukoa Sakanakoei, Latasatik sartu eta gure eskualde osoa zeharkatu ondoren, Goizuetatik aterako da arratsaldeko seiak eta erdiren bueltan.
Aurretik beroketak egin dira korrika kulturalaren jarduerekin, material salmentarekin eta kilometroen banaketarekin giroa berotzen joateko. Asteburu honetan eta asteartean bertan ere izanen ditugu gurean Korrika girotzeko ekitaldiak:
- Gaur, martxoak 15, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izanen da Arriben, arratsaldeko 19:00etan, Araizko udaletxean.
- Bihar, martxoak 16, Korrikako txapak egiteko tailerra izanen da Etxarrin, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
- Asteartean, martxoak 19, Korrikari harrera beroa eginen diogu!! Leitzan, txistulariak eta erraldoiak Amazabaldik kalejiran abiatuko dira, arratsaldeko 16:45etan; plazan txistor-pintxoak hartzeko aukera izanen da, eta 18:00etatik aurrera Andoni Ollokiegirekin saioa egonen da.
Dagoeneko Korrika abiatu da, eta une honetan inportanteena da non parte hartuko dugun erabakitzea.
Astearte goizean, Imozko Latasatik sartuko da lekukoa eta korrikalarien segizioa. Imoztik Atezko bailara zeharkatuko du, eta handik Odietara, baina bi herritatik besterik ez da pasatuko, Gaskue eta Gelbentzu atzean utzita, berehala Ultzamara sartuko baita. Ondoren, Basaburura iritsiko da punta batetik eta Beruetetik aterako da.
Ordurako eguerdia izanen da, Larraungo korrikalariek hartuko dute lekukoa eta Aldatz, Etxarri eta Mugiro izanen dira lehendabiziko herriak Lekunberrira iritsi baino lehen. Berriz ere Larraunen, errepide zaharretik Uitzi aldera joanen da, eta horixe izanen da azken herria Leitzarako bidean.
Jadanik arratsaldean sartuta, lauak eta erdi aldera, Leitzako herrian eginen diete harrera beroa korrikalariei. Herriko kaleetatik barna ibiliko da Goizuetarako bide luzea hartu baino lehen. Arratsaldeko seiak eta erdietan Goizueta eta Hernani arteko bideetatik galduko da, eta horrela agur esanen dio gure eskualdeak aurtengo Korrikari ilunabarrarekin batera.
Nafarroan beste sartu-atera txiki bat eginen du Gipuzkoatik Lapurdira pasatzeko, Lesaka eta Bera egonen baitira tarteko bide horretan, eta azken txanpan sartuko da Baionako helmugara iristeko. Han, behar bezalako agurra emanen diogu festa giro paregabean.
Nolanahi ere, asteburu honetan, aukera ezin hobea izanen dugu euskaltzalekok Iruñerrian barrena Korrikaz gozatzeko. Larunbatean Iruñeko kaleetan ibilbide luzea eginen du, eta luzea ere bada asteburu honetarako antolaturik dauden ekitaldien zerrenda. Erne!
Martxoaren 24ean amaituko da Korrika Baionan. Gurean autobusa antolatu da hara joan eta egun zoragarri bat pasa nahi duen ororentzat. Autobusa Lekunberriko frontoiko markesinatik abiatuko da goizeko 08:30ean. Izena eman nahi duenak Larraungo AEK-n (948604704/ larraun@aek.eus) egin dezake, martxoaren 20a baino lehen.