Honezkero nahikoa ezaguna da Gure Zirkua, Euskal Herrian barrena hamaika herritan ibilia delako eta hedabideen bitartez ere haren berri iritsi zaigulako. Gure Zirkuaren webgunean (https://www.gurezirkua.eus/) ikus dezakegu ekimen hau zer den, eta bertan azaltzen digute, honela: “Zirku ibiltaria izateaz gain, zirkuko euskal artistentzako topagunea! Hainbat disziplinatako euskal artistek lan egin ahal izateko zirku bat! Herriz herri ibiltzeko aukera emango digu GURE ZIRKUAk”
Bada, euskarazko zirku hori, euskararentzat beste espaziotxo bat irabazi duen ekimen eder hori, Leitzara etorriko da laster. Izan ere, bost egunetan banatuta (urriak 11, 12, 13, 18 eta 19), eta egun bakoitzean bina emanaldi eginda, guztira 10 saio eskainiko ditu GURE ZIRKUAk Leitzan.
Orain arte ez genuen sekula aukerarik izan, baina orain bai, zirkua euskaraz ikus dezakegu, ez nolanahikoa gainera, izan den tokietan arrakasta eta harrera bikaina izan baitu. Aitzakiarik ez, beraz, hamar saio izanen baititugu Leitzan, Gure Zirkua ikusi gabe gelditzeko.