Hala adierazi du 2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako kale erabileraren neurketak.

2021ean egin zuen Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabileraren neurketa Euskal Herriko hainbat udalerritan. UEMAko herrietan Klusterrak eta UEMAk berak elkarlanean gauzatu zuten neurketa hori, eta emaitza dagoeneko argitaratuta eta aurkeztuta dago. Herri horietan bildutako datuak txosten batean jasota daude, eta bertan agertzen dira gure eskualdeko lau udalerritan egindakoak ere: Araitz, Goizueta, Larraun eta Leitzako neurketetan jasotako emaitzak agertzen dira txostenean, hain zuzen ere.

2021eko neurketa horrek emandako emaitza orokorra, hain zuzen ere, honakoa da: kaleko euskararen erabilera % 68,8koa  da Leitzan, % 80,7koa Araitzen, % 81,6koa Larraunen eta % 88,7koa Goizuetan. Aldea badago lau udalerrietako emaitzen artean, baina lauetan ere estatistikoki eta matematikoki espero litekeenaren gainean dago erabilera.

Albiste ona da erabilera–indize altua agertzea baina, ikerketak erakutsi duen moduan, ager litezkeen joera berriak eta erdararen erabileraren inguruan suma litezkeen zantzuak zaindu eta begiratu beharra dago, herri hauen arnasgune izaerari eusteko.

Ikerketari dagokion txostenak hemen kontsultatu eta deskarga daitezke: laburpena eta balorazio orokorra eta UEMAko eta Tolosaldeko udalerriak