Abenduaren 18an jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala, eta bertan gure eskualdeko bertsolari bat izanen da: Joanes Illarregi leitzarra. Finala Iruñean jokatuko da, eta Nafarroan jokatuko den lehendabiziko aldia izanen da. Lehendabizikoa aldia izanen da, halaber, finalistak finalera lortutako puntuazioaren arabera sailkatzen direnetik, bertsolari nafar bat bertan izanen dena.
Joanes Illarregik Bilboko saioan lortu zuen finalerako txartela, puntu horiek aurreko saioari gehituta. Nafarroako Bertsolari Txapelketan lortu zuen Euskal Herrikoan jokatzeko aukera, baita ederki baliatu ere, Elizondon, Arrasaten eta Bilbon egindako lanak finalerako txartela eman baitiote. Maila ikusgarria erakutsi du Joanesek, eta merezitako saria eskuratu du, punta-puntako bertsolariekin Iruñerako zortzikotean sartu baita.
Leitzako bertso-eskolan hasitako bertsolaria da Joanes, Xabat anaiarekin eta beste hainbat lagunekin batera. Finalerako sailkapen hau ere, horrenbestez, eta neurri batean bederen, Leitzako bertso-eskolari eta hura sustatu dutenei zor zaio.