AEK eta IKA euskaltegiek emandako datuen arabera, gure eskualdean 10 talde osatu dira 2013-2014 ikasturterako. Horiez gain, beste bizpahiru talde osatzeko bidean dira, eta baliteke laster abian jartzea. Halaber, 15 bat ikaslek eman du izena autoikaskuntza bidez ikasteko.
Euskaltegiek irail-urria aldera zabaltzen dute izena emateko aukera urtero, aurten ere halaxe egin dute, eta kanpaina horren ondoren osatu eta abiatzen dira taldeak. Eskaintza zabala izaten da, maila eta ordutegi ezberdinekin osatua, eta ikasleen behar eta ezaugarrietara egokituta.
2013ko matrikulazio kanpainaren ondoren, esan bezala, 10 talde osatu dira AEK eta IKAren euskaltegietan:
IKAk hiru talde dauzka Leitzan, A1 eta B2 mailetan bana eta beste bat EGA prestatzeko. Horretaz gain, hiru ikasle ditu autoikaskuntzan. Basaburuari dagokionez, beste hiru talde osatu ditu IKAk, bana A1 eta B1 mailan, eta bestea EGA prestatzeko. Autoikaskuntzan ikasle bat ariko da.
AEKri dagokionez, Lekunberrin hiru talde osatu ditu (A1-1, B1 eta EGA mailakoak) eta 8 ikasle izanen ditu autoikaskuntzan. Atetzen, berriz, hasiera mailan ariko den taldea antolatu du. Horiez gain, gurasoekin taldeak osatzeko urratsak ematen ari dira Ultzaman, oraindik erabat zehaztu gabe dagoen arren.