2013. urtearen bukaeran egin ziren Goizuetan “Arnasguneen tailerrak”, euskaraz bizitzeko eragozpenak identifikatzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak indartu eta handitzeko. Tailerren ondoren lantalde bat sortu da herrian orduan proposatutako ideiak eta ekintzak abian jartzeko, eta dagoeneko egin du lehendabiziko bilera eta lanean hasi da.

Arnasguneen tailerretan hiru multzo nagusitan bildu ziren goizuetarrak erdarara eramaten dituzten ohiko egoera edo espazio batzuk: lagunarteko egoera informal jakin batzuk, ohiturek eta erdaldunen presentziak eraginda; administrazioarekin lotuta dauden egoerak; irakurketa: prentsa, liburu eta bestelako argitalpenak.

Horietan eragiten hasteko, tailerretan landutako “ekintzen menu”tik eta lehendabiziko saio honetara ekarritako beste ideia berri batzuen artetik, zenbait urrats egitea erabaki zen.

Honakoak dira lantaldeak, hasteko, jorratu nahi dituenak: kontzientziazio eta sentiberatze lana, herrian argitaratzen den XAPO aldizkaria baliatuta eta herritarren lekukotasunak eta mezuak jasoko dituen ikus-entzunezko egitasmo baten bidez batez ere; UEMA, Kontseilua, Behatokia, EHE, OOE eta Topagunea osasungintzaren alorrean lantzen ari diren ekimena; herriko tabernetan euskarazko irakurgaiak eskuragarri jartzeko proposamena; irakurle taldea osatzea; eta herrian ETB3 ikusi ahal izateko bidea lantzea.

Horiek, beraz, Goizueta euskararen arnasgunea gisa indartzeko lantaldea egiten hasiko dena.