UEMA 2023/06/27

​Atzo eman zioten hasiera udalerri euskaldunetako gazteen Salto! udalekuari. Uztailaren 4ra bitartean, Orozkotik Dimarako bidea egingo dute udalekuan parte hartuko duten 120 lagunek. Ohi bezala, udalerri euskaldunetako gazteak saretzea da helburua, euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzearekin batera.

Goizean, Orozkoko plazan, parte-hartzaileei harrera egin zieten aurten udalekuaz arduratzen ari diren Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileek. Ezagutza-jolasak egin zituzten lehenik, taldeek elkar ezagutzeko. 
 

Arratsaldean, berriz, Orozkon zehar ginkana egin zuten, herria ezagutzeko. Ondoren, Orozkoko Garrafa kultur elkarteko kideen bisita izan zuten gazteek. Garai barean Orozkon izotz-zuloak zeudenez, garrafak egiteko ohitura hedatu zen bertan, eta ohitura horren nondik norakoak eta garrafak egiteko modua azaltzen aritu ziren elkartekideak gazteei. Iluntzean, azkenik, konfiantza-jolasetan aritzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Astelehenean hasiko da Salto! udaleku ibiltaria, eta Orozkotik Dimarako bidea egingo dute parte hartuko duten 120 gazteek (uema.eus, 2023-06-26).