Euskararen erabilera, Parlamentuan

Joxerra Senar (BERRIA. 2013-08-06)

Aldizkari ofizialak aurten jasotako bilkuretan, 946 mintzalditatik 46 soilik egin dira euskaraz

Aitziber Sarasolak agerraldi guztiak euskaraz egin ditu

Itzultzaileek gero eta lan handiago dute Nafarroako Parlamentuan. Ganberan gero eta ohikoago bihurtzen ari da gehiengoa diren parlamentari erdaldunek entzungailuen beharra izatea euskaraz hitz egiten duenari ulertu ahal izateko. Dena den, Nafarroako Parlamentua ez da Eusko Legebiltzarra, eta aurreko legealdiekin alderatuta euskara zerbait gehiago erabiltzen bada ere, horrek ez du esan nahi Gasteizko parlamentuaren pare hitz egiten dela. Are gehiago, parlamentua oraindik ere normaltasunetik oso-oso urrun dago. Egindako urrats txikiek adierazten dute zenbat bide dagoen egiteko.

Nafarroako Parlamentua gizartearen isla da. 2011ko Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, nafarren %11,7 elebidunak dira eta beste %7,5 elebidun hartzaileak, ulertzeko gai izan baina hitz egiteko larri ibiltzen diren hiztunak, alegia. Nahiz eta parlamentarien artean portzentaje hori zertxobait handiagoa izan, antzeko neurrian dabil. Dena den, aurreko legealdietako berezitasunetako bat horixe da: euskaraz dakitenak gehitu egin dira. Hala, 50 parlamentarietatik hamahiruk dakite euskaraz edo zerbait dakite.

Ezusterik ez dago ezaugarri politikoari dagokionez. Ia denak alderdi abertzaleetako ordezkariak dira: Bildu koalizioko zortzi legebiltzarkideetatik zazpik dakite euskaraz; Aralar NaBaiko seitik bostek eta Geroa Baiko bitik batek. UPNren hemeretzi harmailetan, Begoña Sanzberrok baino ez daki euskaraz. Ezkerrako eta PSNko parlamentarien artean ez dago euskaldunik, eta PPren kasuan guztiak dira erdaldunak, baina zalantza handi bat geratzen da: Amaia Zarranz.

UPNko Sergio Sayasekin batera, euskalgintzaren aurkako adierazpenik gogorrenak egiteagatik nabarmendu da PPko parlamentaria legealdi honetan. Iazko azaroaren 8an, zalaparta mediatiko handia eragin zuen, «krisiaren erdian» Bilduk komunikabideetan euskara sustatzeko mozioa aurkeztea «txundigarria» zela esan zuenean. Agerraldi hark eragindako kritiken kontra, Twitter sare sozialean honako hau esan zuen: «Nire aitona-amonak euskaldunak ziren, euskaraz hitz egiten dut eta egunero ikasten saiatzen naiz, baina ez dut nahi inork ezer inposatu nahi izatea». Zarranzek euskararen balizko ezagutza argudio gisa erabili arren, sekula ez zaio euskaraz entzun publikoki, eta ez du hitz egin ganberan.

Jakitearen eta erabileraren artean oraindik ere jauzi handia dago emateko, nahiz eta legealdian pauso txikiak eman diren. Aurtengo parlamentuko aldizkari ofizialak hartu eta urtarriletatik ekainerako interbentzioak zenbatuz gero, ondorioa argia da: euskara oso gutxi erabiltzen da.

%5eko portzentajea

Argitaratutako mintzaldiak zenbatuta, gorabehera handiak daude. Urtarrilean 155 hitzaldi egin ziren, eta hamasei izan ziren euskaraz, hots, hamar hitzalditik bat izan zen euskaraz. Portzentaje hori, ordea, ez da finkoa, eta jaitsi egiten da hurrengo hilabeteetan. Otsailean aldizkari ofizialetan jasotako 203 hitzaldietatik hamar izan ziren euskaraz; martxoan, 56tik sei besterik ez. Apirilean eta maiatzean, aldizkari ofizialetan bilkura gutxi transkribatu baziren ere, 52tik bakarra ere ez. Ekainean, berriz, 380 mintzalditik hamalau besterik ez. Urtarriletik ekainera, mintzaldien %4,9an erabili da euskara.

Hiru parlamentari nabarmendu behar dira, hirurak ere emakumeak: Bilduko Aitziber Sarasola, Aralar NaBaiko Nekane Perez eta Bilduko Bakartxo Ruiz. Legealdi hasieratik Sarasola beti euskaraz mintzatu da, baina urte hasieratik parlamentutik at da. Haren ondoren, Nekane Perezek askotan hitz egiten du euskaraz, eta Ruizek ere bai. Gehienbat, hezkuntzaz eta hizkuntza politikaz mintzatzen dira, baina baita ere osasun arloaz edo kulturaz. Aipagarria da, ordea, ekonomiak hainbeste pisu izan duen legealdian, euskaraz ez dutela hitz egiten parlamentari euskaldunek.

Bigarren maila batean, Aralar NaBaiko Xabi Lasa dago, edo Patxi Zabaleta, zeinak historikoki euskara gehien erabili izan duen. Hortik aurrera, euskaraz gutxi egiten da. PSNko edo Ezkerrako legebiltzarkide askok agurreko hitzak euskaraz egin ohi dituzte. Yolanda Barcina lehendakariak, berriz, inoiz ez.

Aitziber Sarasolak agerraldi guztiak euskaraz egin ditu

Nafarroako Parlamentuan, Bilduko Aitziber Sarasola nabarmendu behar da. Legealdi hasieran promes egin zuen agerraldi guztiak euskaraz egingo zituela, eta hitza bete du. Parte hartzea egokitu zaion bakoitzean, euskaraz mintzatu da. Abendu amaieratik gaixo agiria du, eta parlamentutik kanpo dago.