(Iturria: BERRIA. Ereiaro)
Eneritz Albizu Lizaso
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herri guztietan ezin dira oinarrizko osasun zerbitzuak euskaraz jaso. Horrek, batik bat, haurrei eta adinekoei eragiten die, ez baitaude ohituta gaztelaniaz hitz egitera
Hizkuntza, komunikatzeko tresna ez ezik, gizabanakoak lotzen dituen haria da; konfiantza da, lasaitasuna da. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 71 udalerrietatik hemezortzitan, ez dago pediatra euskaldunik, eta hamarretan, ez dago euskaraz dakien familia medikurik. Nolabait, herritarren eta osasun publikoaren arteko haria apurtzen dute datuek.
Administrazio kontuetatik at, herritarren sentipenek dute pisu gehien. Uemako haur euskaldun askok ez dakite gaztelaniaz hitz egiten, eta medikuarengana joatea zaila da haientzat. Ion Irulegi 5 urteko haurrak pediatra erdalduna izan du Azpeitian (Gipuzkoa) orain gutxi arte; orain, ordezkapena egiten ari den pediatra euskalduna du. «Oraingo pediatrak nire erara hitz egiten du, eta askoz lasaiago egoten naiz harekin. Nire laguna da», esan du 5 urteko haurrak.
Beraz, hizkuntzak badu pisurik osasun etxeetan. Miren Segurola Uemako koordinatzaileak dio haurrak bestela ere «beldurtuta» joaten direla kontsultara eta, pediatrarekin «berea ez den beste hizkuntza batean» hitz egitera «behartuz gero», are okerrago. Haren hitzetan, adineko pertsonekin ere antzeko zerbait gertatzen da: Baztanen (Nafarroa) ordezkapen bat egiteko, mediku erdalduna jarri zuten euskaldunaren lekuan, eta adineko jendea kexu da, orain senideren batekin joan behar dutelako kontsultara. Segurolaren ustez, mediku onak pazienteekin komunikatzen jakin behar du: «Norbaiti bururatu al zaio Madrilera sendagile txinatarra bidaltzea, nahiz eta oso ona izan? Gaztelaniaz ez badaki, ez».
Oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza datuak aurkeztu zituen Uemak joan den astean, eta ekitaldian arazo «larriena» pediatrena dela nabarmendu zuten. Uemako kideek uste dute osasuna euskalduntzeko ez direla baliabideak falta, «borondatea» baizik. «Badago herritarren euskara eskariari erantzuteko bezainbeste mediku euskaldun; egongo ez balira ere, administrazioaren ardura da erdaldunei euskara irakastea», argudiatu du koordinatzaileak. «Euskal Herriko edozein herritan sendagileek euskaraz ez jakitea berez larria bada, arazoa are larriagoa da biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak diren herrietan», salatu dute mankomunitateko ordezkariek.
Nafarroan, oztopo gehiago
Nafarroan gainerako herrialdeetan baino arazo gehiago dituzte herritarrek. Beran, adibidez, ez dago ez mediku, ez pediatra euskaldunik. Jon Abril Berako alkateordeak ere salatu du «larriena» haurren eta adinekoen egoera dela, «inkomunikazio» kasuak ere egon baitira. Berako Udala urte hasieran bildu zen Nafarroako Osasun arduradunekin, baina ez zuten ezer asko lortu. Abrilen hitzetan, egoera «kezkagarria» da, Nafarroako agintarien aldetik gaiarekiko «utzikeria» handia baitago.
Arazo horren inguruan herritarrek ere ardura dutela nabarmendu du Abrilek: «Euskaldunok badugu ohitura osasun zentroetara sartzean gure eskubideez ahazteko. Testuinguru erdaldun batean murgiltzen gara. Guk ere saiatu beharko genuke medikuarengana goazenean euskaraz egiteko eskubidea dugula gogorarazten».
Ez da udalen eskumena osasun zentroak euskalduntzea. «Beraz, guk egin dezakegun gauza bakarra presioa da», dio Abrilek. «Gaia ez dago gobernuaren agendan; eurek sartzen ez badute, guk sarrarazi beharko diegu».
Aitor Montes Aramaioko mediku eta OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kideak adierazi du Uemak aldarrikatzen dituen neurriak «gutxienekoak» direla. Haren hitzetan, gizartearen zutabeetako bat da osasuna: «Hori ez bada euskalduntzen, gureak egin du». Medikuak euskaraz mintzatzeaz gain, historia klinikoa ere euskaraz egitea aldarrikatu du Montesek: «Gaztelaniaz egiten den guztia euskaraz egin behar dugu. Osasun zentroetako arreta erabat euskaldunduz gero, euskara salbatua dago».
Herritarren ardura
Herritarrek badute euren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko aukera. Euskaraz osasuntsuago kanpaina abiarazi zuten iaz Donostiako Bagera Euskaldunon Elkarteak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak; aurten, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz batu zaio egitasmoari. Kanpainak osasun arloan ere euskaraz bizitzea zuen xede. Idoia Agote EHEko kideak azaldu du bi helbururekin egin zutela kanpaina: herritarrei osasun etxean euskaraz egiteko eskubidea dutela jakinaraztea eta sendagile erdalduna dutenek euskalduna eskatzea. Beraz, lehen urratsak herritarrek egin ditzakete, agintariek bideari jarrai diezaioten.