Aitor Renteria Baiona (BERRIA 2013-10-17)

Baionako Suprefetura aitzinean lurrean etzanik egin dute protesta, eta Frantziari ikastolen heriotza eragitea leporatu



Konstituzio Bateragarritasunaren Galdera eginen du Seaskak, eta mobilizaziora joko

 

Seaskako 70 kide inguru, zuriz jantzirik, Baionako Suprefeturaren aitzinean etzan ziren atzo arratsaldean, lurrean, ikastolen heriotza irudikatzeko. Euskara hil nahi ote duen galdetu zion Frantziako Gobernuari Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Hitzartzeak iraun zuen oren erdian, karrika itxi zuten euskararentzako lege geriza eskatzen zuen banderola baten bidez.

Paueko prefetak eta Baionako suprefetak Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen xedeak trabatu dituzte, Frantziako legedia urratzen dutela argudiaturik. Frantziaren ordezkarien jokabidea biziki larria dela nabarmendu zuen Indok. Izan ere, joan den astelehenean bildu ziren prefetarekin eta suprefetarekin. Bilkura horretan jakinarazi zioten Seaskari «zorrotz» baliatuko dutela Falloux legea. Alegia, ez dutela onartuko diru publikoa baliatzea Seaskarentzako egoitzak egiteko edo oraingo egoitzak handitzeko. Falloux legea urratzen duen xede oro auzira eramanen duela jakinarazi dio administrazioak Seaskari.

Alta, oraingoan estatua urrunago joan dela salatu du Seaskak. Hendaiako kasuan egoitza eraikitzea debekatu zion herriko etxeari, baina, Beskoitzeko ikastolaren kasuan, lur publikoa alokatzea debekatu dio. Gisa berean, egoitza publikoak alokatzea debekatu diotela erran du Indok.

Jokabide horrekin, prefetak eta suprefetak haien eskumenak gainditu dituztela nabarmendu du Seaskak, jurisprudentzia zangopilatuz. «Herriari debekatu nahi diote lurra alokatzea, merkatuko prezioaren truk bada ere», azaldu du Indok. Frantziako administrazioari galdetu dio herriek edozeini alokatu ahal dion lurra edo egoitza, ikastola bati salbu.

Estatuaren kontraesanak argira ekarri ditu Seaskak. Izan ere, Falloux legeak debekatzen du diru publikoa ematea egitura pribatu bati. Baina hori lehen mailako eskolei dagokie, ez bigarren mailakoei. Hizkuntza politika garatzeko tenorean, ordea, ikastola zerbitzu publiko gisa hartzen dutela ohartarazi du Indok. Eginkizuna aitortzen dio, baina baliabideak kenduz. «Estatuak irakaskuntza eta ondarearen transmisioari buruzko ardura bikoitza gure bizkar ezarri du, baina, aldi berean, misio bikoitz hori betetzeko tresnak kentzen dizkigu».

Euskara hil

Kenperren edo Montpellierren egin daitekeena Ipar Euskal Herrian ezin dela egin ondorioztatu du. «Estatuak euskara hil nahi du; lurralde hizkuntzak hil nahi ditu». Seaskaren murgiltze eredua etengabe garatzen ari da, eta estatuaren jarreran garapen hori gelditzeko borondatea ikusten du Seaskak. Horren aitzinean, bi bide hartuko ditu Seaskak: mobilizazioa eta auzibidea.

Seaskak bat egin du Batera plataformak azaroaren 30ean Maulen antolatuko duen manifestaziorako deialdiarekin. Gisa berean, iragarri du abenduaren 28an «manifestazio alaitua» eginen duela Baionako karriketan. Anartean, antolatuko diren ekintza eta protestetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Herriko etxeei egindako mehatxua ez onartzeko eskatu die.

Indok azaldu du Seaska Konstituzio Bateragarritasunaren Galdera prestatzen ari dela, lehen eta bigarren mailaren artean den berdintasun irizpidea hautsi duelako Frantziak. Kontseilu Nagusiak Seaskaren Xalbador ikastegiarekin egin duen bezala, laguntza publikoa eman dezakete bigarren mailan, baina ez lehen mailetan.

Berdintasun urraketaren aurkako salaketa azken muturreraino eramateko borondatea duela nabarmendu du Seaskak. Prozedura abian ezarri du, eta beharrezkoa balitz, auzia Europaraino eramateko erabaki irmoa du.