Familia izan da, eta da, euskarak duen euskarri sendoenetako bat. Gure hizkuntzak etorkizuna izanen badu, familiaren baitan dagokion tokia ziurtatu behar zaio, eta familiako ohiko hizkuntza izan dadin ahalegin handia egin behar da. Izan ere, horixe da euskaraz jabetzeko biderik errazena, eraginkorrena eta merkeena.

Errealitate horretaz jabetuta, eskualdeko euskara zerbitzuak, Euskal Herriko hainbat euskara zerbitzurekin lankidetzan, familiaren baitan euskararen erabilera eta transmisioa bultzatzeko eta bermatzeko lanari ekin zion duela 20 urte inguru. Urte horietan guztietan zehar, makina bat kanpaina eta ekimen egin dira, guztiak ere helburu berberarekin: haur txikien gurasoengana jo, familian euskararen presentzia eta erabilerak duen garrantzia gogorarazteko eta indartzeko, eta haren aldeko sentiberatzea eta baita erabaki praktikoak bultzatzeko ere.

Ibilbide luzeko egitasmoa denez, urteen joan-etorrian urrats asko eman da, eta material ugari sortu da. Azkeneko urteotan egitasmo honen ardatza familietara bidaltzen den materiala izan da: haurrentzako lerde-zapiak, autoetan jartzeko eranskailuak, kantuak eta jolasak biltzen dituzten CD-ak eta DVD-ak, haur hizkera biltzen duten hiztegi laburrak, eta familiaren eta euskararen inguruko hainbat aholku, argibide eta proposamen biltzen dituzten liburuxkak, adin eta hizkuntza-egoera ezberdinetara egokituak.

Material bidalketa horrez gain, familia egitasmoa osatu eta indartzen duten bestelako ekintzak ere egiten dira: gurasoekin informazio eta motibazio saioak, jolasen eta aisialdiaren inguruko trebakuntza tailerrak, aisialdi ekitaldiak ikastetxeetan…