Euskarazko Produktuen KATALOGOAk eginda dauka, dagoeneko, ibilbide luzea, eta urtero iristen da gure eskuetara. Izenak argi adierazten duen gisan, euskaraz dauden produktuen berri ematen du eta modu argi eta ordenatu batean aurkezten ditu. Izan ere, era guztietako produktuen merkatu zabalean euskarazkoak ere badaude, baina ez daude beti behar bezain erakusgarri edo ikusgarri.

Horixe da, beraz, KATALOGOAren helburua: euskarazko produktu horiek ikusaraztea, zer erosi aukeratzeko garaian horiek ere gogoan izan ditzagun, betiere euskaraz bizitzen jarraitzeko aukerak indartzeko asmoz.

KATALOGOAk bi xede-talde nagusi ditu: 0-12 urteko haurrak, eta 12-16 urte bitarteko gaztetxoak. Papereko edizioa, argitaratu berria, egunotan banatuko da eskualdean, batez ere ikastetxeen laguntzaz. Horretaz gain, urte osoan zehar eguneratzen den katalogoa kontsulta daiteke katalogoa.eus webgunean.