Iritsi da gure herriotara aurtengo Euskarazko Produktuen katalogoa. Euskarazko hainbat produkturen berri ematen da bertan, zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
Katalogoa Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako euskara zerbitzuek osatu eta zabaltzen dute, eta aurtengoa 16. edizioa da. 130.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herrian-.
1998. urtean abiatutako ekimena da Katalogoa, eta gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa bat egiten da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta.
Hainbat etxetara iritsiko den paperezko katalogoaz gainera, edizio askoz ere zabalagoa kontsulta daiteke www.katalogoa.org webgunean. Paperezko katalogoan dauden produktuez gain, webgune horretan argitaletxeen denda birtualetan erosteko aukera ematen da. Produktuen gainean klik bat eginez, beraz, etxetik bertatik begiz jotako produktua eros daiteke.
Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da www.katalogoa.org, argitaletxeek berek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek beren komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.