Urteko garai honetan seme‐alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu
eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko
Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa 18. edizioa
da—, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
Berrikuntza nabarmenak aurten
Bai web atariak zein paperezko edizioak, biak ere berrikuntza nabarmenak estreinatu dituzte
aurten. Nobedaderik garrantzitsuena, seguruenik, webgunearen eraberritze sakona litzateke,
diseinu berriarekin atondua, errekurtso gehiagorekin hornitua, tablet‐etan ikusteko egokitua
eta produktuen erreferentziak bilatzeko antolamendu berriarekin txukundua. Hartara,
aurrerantzean bi atal nagusi izango ditu KATALOGOA.EUS webguneak: 0‐12 urte bitarteko
haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12‐16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin
osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, horietako atal bakoitzak hainbat baliabide eskaintzen ditu
bi adin tarte nagusi horiei egokituak: intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako
agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera.
Halaber, webgune berriak aldi oro argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen
dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko
bertsioaren PDFa deskargatzeko manera ere.
Milaka produkturen azalpenak, horien prezioak eta erosi nahi izanez gero, argitaletxeen
denda birtualetara sartzeko aukera
KATALOGOA.EUS urte osoan berritzen doan webgunea da, argitaratu berriak sartuz,
deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien
kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean.
Behin bilaketa egin ondotik, produktu bakoitzaren fitxan, hari buruzko daturik garrantzitsuenak
ikusiko ditu erabiltzaileak (azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko
azalpena, argitaratze urtea, prezioa…) eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen denda
birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta. Azken finean, horixe
baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak
erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.
Paperezko edizioak 125.000 ale
Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 125.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta
Nafarroan, iaz baino bost mila ale gehiago. Edizio digitalean ez ezik, paperezkoan ere antzeman
daitezke gorago aipatu diren berrikuntzak. Sekula egin ez den bezala, aurten lehen aldiz bi azal
izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12‐16 urte
bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0‐12 urte bitarteko
haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen berri honi esker
produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte
bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS webgunean jasota
dauden 2016ko produktu guzti‐guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVDfilmak,
aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.
Argibide gehiagorako:
Malores Etxeberria. malores‐e@hernani.eus
Castillo Suarez. euskara1@sakana‐mak.eus