Garikoitz Goikoetxea

Iturria: www.berria.info

Ikasleen «bizikidetza» bultzatzeko, jarduera batzuk elkarrekin egingo dituzte Nafarroan eredu desberdinetan aritzen diren eskoletan



Parlamentuak eskola publikorako egin zuen mozioa, baina itunpekora zabaldu du UPNk

Parlamentuak egin zion eskaria, eta azkar hartu ditu neurriak Nafarroako Gobernuak: eredu desberdinetan ari diren ikasleen «bizikidetza» bultzatzeko dekretua prestatzen ari da Hezkuntza Departamentua. Euskaraz ikasten duten haurrek erdaraz ari direnekin nahasi beharko dute eskolako ekintzetan. Eredu bakarra duten ikastetxeek, izan ere, planak egin beharko dituzte beste eredu batzuetako eskolekin, «ikasleek aukera izan dezaten beste eredu batzuetako ikasleekin eta hezkuntza komunitateekin bizitzeko». Dekretuak dio hori egitea derrigorra izango dela eskolentzat.

Urtarrilean onartu zuen mozio bat parlamentuak, gobernuari eskari hori eginez. Ezkerrak taldearen proposamena zen, eta babesa eman zioten UPNk, PSNk, Geroa Baik eta PPk. Bilduk eta Aralar-NaBaik aurka jo zuten. Ezkerrak ohartarazi zuen gaur egungo egoera «segregatzailea» dela, ez daudelako nahasian euskarazko eta erdarazko ereduetako ikasleak.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko araudia aldatuko du mozioari bide emateko. Izan ere, alor horretan sartzen dira eskolek bizikidetzaren alde hartu beharreko neurriak —bullying-ari aurre egitekoak, jarrera txarra dutenentzako zigorrak...—. Aurrerantzean, eredu desberdinetako ikasleek elkarrekin jardutea izango da neurrietako bat.

Dekretua aldatzeko zirriborroa egina dute, eta atzo jarri zuten jendaurrean. Apirilaren 7ra arteko epea dago alegazioak jartzeko.

«Aberasteko» aukera

Ikasleak ereduaren arabera banatzea okerra izan dela uste du orain UPNren gobernuak, nahiz eta aitortu duen joera hori indartu dela urteetan. «Bizikidetzaren ikuspegitik, hizkuntza desberdinetan ikasten duten ikasleak egoteak ez du ekarri behar banaketa bat egitea; aukera bat da, guztiok aberasteko». Areago: banaketa egitea bizikidetzarako arazotzat du, «prebentzio» neurri gisa proposatu baitu dekretua berritzea.

Hizkuntzaren gaia bizikidetza planetan sartu beharko dute ikastetxeek, beraz. Eskola berean eredu bat baino gehiago ematen dutenean, neurriak hartu beharko dituzte eredu bateko eta besteko ikasleen arteko elkarbizitzarako. Eskola horietan arazoak daudela iradoki du gobernuak: «gatazkak konpontzeko neurriak» hartu behar direla adierazi die ikastetxeei.

Zentro batzuek instalazioak partekatzen dituzte —kiroldegia, adibidez—. Leku berean aritzen diren eskolek elkarrekin egin beharko dituzte elkarbizitza planak, «eta beti hartu beharko dituzte neurriak eredu ezberdineko ikasleak elkarrekin bizitzearen alde».

Eragina D ereduan

Aldaketa handiena eredu batean bakarrik aritzen diren ikastetxeek dute. Beste eredu batzuetako eskolekin erlazionatu beharko dute. «Ikasleei nahitaez modua jarri behar zaie beste eredu batzuetako ikasleekin bizitzeko». Gobernuak uste du eredu bateko baino gehiagoko eskolek aukera gehiago dutela. «Hizkuntz aniztasuna onuragarri da. Eredu bakarreko zentroetan, ordea, ez dute aukerarik erlazio horietarako. Neurriak exijitzen zaizkie, beraz, ikasleek erlaziorako aukera izan dezaten».

Neurriek D ereduko eskolei eragingo diete gehien, eredu bakarreko gehienak haiek baitira —erdaldunetan, G eta A ereduak batera egotea ohikoa da, eta kudeatzen errazagoa—. Gainera, gaztelaniaz ereduak nahas litezke beste hizkuntza batera jo gabe —A eta G, adibidez—. Areago, bistan da eredu ezberdineko ikasleak nahastean, gaztelania nagusituko dela. Parlamentuko mozioaz aparte, beste urrats bat ere egin du Jose Iribas kontseilariak: publikoan bakarrik ez, itunpeko sarean ere hartu beharko dituzte neurriak.