Aurten ere abian da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa. Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31 bitartean aukera izanen duzu euskarazko liburu bat irakurri eta euskarazko beste liburu bat %30 merkeago erosteko. 

Euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea da kanpainaren helburu nagusia, baina baita liburutegi publikoen erabilera eta euskal lilteraturaren kontsumoa areagotzea ere. Horretarako, Leitza aldeko eta Ultzama aldeko Euskara zerbitzuek antolatu dute Euskaltzaleen Topaguneak eskaintzen duen kanpaina. 

Aurten, kanpainaren iraupena ia bi aste gehiago luzatuko da, hau da, martxoaren 20tik maiatzaren 31 arte iraunen du; batetik, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako bizilagunek erabili ahalko dute eskaintza hau, eta, bestetik, Imotz, Basaburua, Ultzama eta Odietakoek. Txekeak Leitzako... liburu-dendan, Irurtzungo Martxueta liburu-dendan edo Iruñeko Karrikiri, Katakrak edo Elkar liburu-dendetan erabili ahalko dira.

Eskualde horietako liburutegietan euskarazko liburuak hartu eta irakurri ondoren liburutegira bueltatzen dituzuenean, liburuzainak txeke bat emanen dizue euskarazko beste liburu bat %30 merkeago erosteko. Horretaz gain, apirilean eta maiatzean zozketa bana eginen da, parte hartu duzuen guztion artean, eta saira 30 euroko txekea izanen da euskarazko literatura liburuak erosteko aipatu liburu-dendetan.

Nabarmendu beharra dago azken urteetan gehienbat haurrek eta gazteek parte hartu dutela kanpaina honetan; horregatik, helduei gogorarazi nahi dizuegu zuek ere aukera duzuela euskarazko liburu bat irakurriz gozatzeko, beste bat %30 merkeago erosteko eta, irakurri ondoren, beste norbaiti oparitzeko.