"Aurten ezustekoa eman nahi izan diet nire auzoko dendariari, semeari, lankideari eta antzerki taldeko lagunei. Azken finean, nire jendeari. Ia dena erdaraz egiten dut haiekin, baina Kristinaren eta entzungailu baten laguntzarekin euskaraz egin ahal izan diet, eta ezkutuko kamerarekin jaso dugu dena.
Jakin nahi nuen nola sentituko ziren euskaraz egiteko ahalegina egiten banuen. Zer erantzun jasoko nuen lagun erdaldunak haien hizkuntzan egitean, euskaraz egitean. Denak harritu egin dira bai, baina gustura ere hartu dute.
Unairi hasieran arraro egin zaio baina aldi berean gustatu zaio ama euskaraz entzutea; Josebari oso atsegina egin zaio tailerreko lankidearekin euskaraz egin ahal izatea; Avelinak, auzoko dendariak, berarekin beti euskaraz egiteko aukera eskaini dit; antzerki taldeko lagunak harro azaldu dira nirekin eta baita egindako ahaleginarekin ere. Denek aipatu dute euskararekin hobeki izan dela eta prest azaldu dira nirekin euskaraz jarraitzeko.
Bideoa egitea gogorra baina aldi berean oso polita egin zait. Euskaraz ongi egin ez arren, akats askorekin, lagunei haien hizkuntzan egiteak giro berezia sortu du, esker on handia erakutsi didate ahaleginarengatik. Ez dakit bideo honekin matrikulazio kanpaina bultzatuko dugun ala ez, baina niri euskara berreskuratzeko balio izan dit, ordutik hona gehiago erabiltzen ari naiz."
Vega.
Antolatzaileak: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea, Baztango Udala eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak antolatutako; Laguntzaileak: IKA, AEK eta Topagunea.
Trailerra: https://youtu.be/0tMHid0HzGM
Spot-a: https://youtu.be/1AdZIZYp2aM
Hastear dagoen 2015-2016 ikasturtearen atarian, aipatu erakunde antolatzaileek herritarrei euskara ikasi eta hobetzeko deia luzatu nahi diete.
Izan ere, Nafarroako mendialde honetan euskarak gero eta toki handiagoa du gizarte bizitzan, herritar anitzek beren eguneroko jardunetan erabiltzen du eta haur-gaztetxo ia guztiak hizkuntza horretan eskolatzen dira.
Hala, euskaraz ongi jakitearen abantailak askotarikoak dira eta horiek nabarmendu nahi izan dituzte Mendialdeko udal nahiz mankomunitatetako Euskara zerbitzuek Topagunearekin grabatutako spot-ean. Bertan, kamera ezkutuaren bitartez, jakin nahi izan dute bai euskaldunak bai erdaldunak nola sentitu diren gertuko erdaldun batek euskara erabiltzeko ahalegina egitean.
Gure eskualdeetan lanean ari diren euskaltegiek urteetako esperientzia eta eskarmentua dute, euskara irakasteko metodo errazak, komunikazioan oinarrituak, erabiltzen dituzte eta, aurrez aurreko klaseak eskaintzeaz gain, internet bidezko ikastaroak nahiz autoikaskuntzarako aukerak ere ematen dituzte.
Euskaltegian izena emateak dakarren gastua arintzeko Euskara zerbitzuek diru-laguntzak eskaintzen dituzte:
- Bortzirietako Euskara Mankomunitatea: ikasle, langabetu eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonendako diru-laguntzak eskaintzen ditu. Informazio gehiago: 948 634 125.
- Malerrekako Mankomunitatea: ikasle, langabetu, erretiratu eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonendako diru-laguntzak eskaintzen ditu. Informazio gehiago: 948 451 746.
- Baztango Udala: euskara ikasleendako, bereziki langabetu eta guraso direnendako, diru-laguntzak ematen ditu. Informazio gehiago: 948 580 006.
- Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea: ikasle guztiendako bekak eta langabetuendako diru-laguntza bereziak. Informazio gehiago: 948 504400, 948 510814 edo 948 305134.
Euskaltegiekin harremanetan jartzeko:
- Lesaka: 948 637 796
- Doneztebe: 948 451 555
- Leitza: 948 610 776
- Elizondo: 948 452 471
- Larraintzar: 948 604 704
- Lekunberri: 948 604 704