Datorren ostiralean, urriak 23, Euskaraz Bizi Nahi Dut jaia ospatuko da Lekunberrin. 16:45etik aurrera izen-ematea (ez da nahitaezkoa) eta kamiseta salmenta izanen dira. Izen-ematearekin batera diploma bat eta zozketa zenbaki bat emanen da.
17:15ean euszunba saio herrikoia izanen dugu, gehiegi nekatu gabe baina kirol pixka bat egiteko, eta ondotik argazki herrikoia, txokolate beroa (haurrek lehentasun) eta zozketa mundiala izanen dugu.
Jarduera osoa, txiki zein handiei bideratuta, Lekunberriko Ibarberri eskolako jolastokian eginen da.
Euskaraz Bizi Nahi dut dinamika Kontseiluak abiatu zuen orain lau urte eta honen funtsa "jendarte mugimendu zabala eratzea da", baldintza bakarra euskaraz bizi nahi izatea da. Jende askok bizi nahi du euskaraz eta hori praktikan jartzen du. Baina, Kontseiluak dioen bezala "gutako bakoitzari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du dinamika sozial honek."
Dinamika hau hamarnaka herritan burutzen da Euskal Herri osoan eta lehendik ere egin izan da Larraunaldean.