Garikoitz Goikoetxea (BERRIA. 2013-08-07)
Epaileak Izarbeibarko Mankomunitatearen helegitea onartu du, eta erabaki du ele bitara egitea arautu dezakeela
Eremu erdaldunean egoteak ez du esan nahi erakundeek guztia gaztelania huts-hutsean egin behar dutenik. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman dio Izarbeibarko Mankomunitateari, eta adierazi du erakundeek badutela gaitasuna gaztelaniaz eta euskaraz aritu erabakitzeko, nahiz eta Euskararen Legearen arabera eremu euskaldunean ez egon. Aurreko epai batek debekatu egin zion mankomunitateari oharrak eta horrelakoak ele bitara egitea, baina, helegitea onartuta, auzitegi nagusiak erabaki du legezkoa dela bi eletan jardutea.
Orain bi urte onartu zuen euskara ordenantza —eremu erdaldunaren eta mistoaren artean dago—, eta auzitara jo zuen herritar batek. Nafarroako Administrazio Auzitegiak aintzat hartu zuen salaketa, eta bertan behera utzi zituen puntu zenbait; beste erakundeei euskaraz ere egitea, dokumentuak eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egitea, eta mankomunitatearen izena ele bietara jartzea, besteak beste. Ordenantza Euskararen Legearen aurkakoa zela esan zuen epaileak.
Erabakiaren aurka helegitea jarri zuen mankomunitateak, eta arrazoi eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Epaileak esan du Izarbeibarko Mankomunitateak baduela ahalmena, tokiko erakunde gisara, euskara nola erabili arautzeko. Ikusteko dago epaiak ate bat zabaldu ote dien beste erakunde batzuei ere. Mankomunitatean diote aztertzen ari direla.
Helegite gehiena aintzat hartu du Iruñeko auzitegiak, baina ez erabat. Mankomunitatearen izena gaztelaniaz ez ezik euskaraz ere jartzea erabaki zuten ordenantza horretan, baina hori ere bertan behera utzi zuen administrazio auzitegiak. Puntu horretan bat egin du epaiarekin auzitegi nagusiak. Ohartarazi du izena euskaraz jarriko balute eremu erdaldunera «hedatu» egingo litzatekeela euskara edo elebitasuna. Erdara hutsezko izenarekin segituko du mankomunitateak, beraz.
Epaiari buruz ez du baloraziorik egingo oraingoz mankomunitateak. Zer dioen aztertuta, irailean erabakiko dute zer urrats egin.