Euskarari arnasten jarraitzen laguntzeko, Uema Eguna ospatuko dute ekainaren 8an, Aramaion
Irati Sarasua Arabaolaza Donostia
Goizuetan (Nafarroa) egin zuten iaz Uema Eguna. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
«Aire berria eskaini nahi diogu euskarari». Aldarri hori oinarri hartuta antolatu dute aurtengo Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Eguna. Aire berria euskarari! lelopean, ekainaren 8an, Aramaio (Araba) izango da euskaldunen elkargune, Uema Egunean. «Arnasguneek airea behar dute bizitzeko, aire berria», esan dute Uemako kideek. XXI. mendean «oraindik» euskarak duen egoera ikusita, «hizkuntzak geroan duen garrantzia aitortu» eta bide horretan lagundu behar dute herritarrek eta erakundeek, Uemako lehendakari Maren Belastegik atzo egindako aurkezpenean adierazi zuenez.
«Europako hizkuntzarik zaharrena da, baina oraindik bere sorlekuan tokia bilatu ezinik dabil euskara». Egoera «ez da samurra»; Euskal Herriko biztanleen %27k badakite euskaraz, baina ohartarazi dute hainbat eremutan onarpen ofizialik ez zaiola ematen eta lurraldeko gune gehienak erdaldunak direla. Gogora ekarri dute hori aldatzeko eremu euskaldunek eta administrazio publikoak duten zeregin garrantzitsua.
Salatu dute udalerriak egoera aldatzen saiatu izan direnean ere legeak oztopoak besterik ez duela jarri. «Legea bera» da hainbatetan «bidea ixten» diena. Gogorarazi dute hainbat udaletan «hizkuntza politika aurrerakoiak» landu dituztenean euskarari «airea kendu» izan diotela. Uemako kideek pentsatzen dute badela garaia «behar diren lege aldaketak gauzatu eta udalerri euskaldunen garapen linguistikoa bermatuko duten neurriak» hartzeko. «Bada garaia gune euskaldunek gure hizkuntzaren geroan duten garrantzia aitortu, eta udalerrietan egiten ari diren esfortzuan laguntzeko eta bidea errazteko», adierazi du Belastegik. Horregatik, euskalgintzako eta erakundeetako hainbat ordezkarirekin batera aldarrikatuko dute, ekaineko bigarren asteburuan egingo duten jaialdian, euskarak «arnasa berria» behar duela.
Aramaio duela hamazazpi urtetik da Uemako kide, eta «gustura eta ilusioz» hartu du ekaineko festa. «Herri dinamikoa da gurea, eta herritar ugari inplikatu dira prestalanetan», adierazi du Aramaioko alkate Ramon Ajuriak. Eguna antolatzen egiten ari diren lana eskertu eta goraipatu du, haiei esker egitarau «zabal eta erakargarria» osatu dutelako. Horrez gain, alkateak ospakizunean parte hartzeko deia egin die euskaldun guztiei. «Aramaio ezagutzeko eta euskarari aire berria emateko aukera ederra duzue». Eguneko egitaraua haur, gazte eta helduentzako prestatu dute. Besteak beste, 12:00etan Goizueta
eta Aramaioren arteko herri kirol lehia egingo dute; 16:30ean, Irrien Lagunen ikuskizuna; 18:30ean, erromeria; eta 22:00etan, kontzertuak. Haurrek goiz osoan izango dute puzgarrietan jolasean aritzeko aukera.