Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak euskararen ezagutzari buruzko datuak argitaratu ditu. Hogei urte ziren gisa horretako informazio ofizialik ematen ez zutela: 2001ko zentsuan eman zituzten datuak, baina ez 2011n, zentsuan izandako gorabehera batzuen ondorioz ezin izan zutelako emaitzen fidagarritasuna bermatu udalerri guztietarako. 2021eko emaitzak argitaratzean, hala ere, sartu dituzte 2011ko datuak. Beraz, 1991z geroztiko ibilbidea azter daiteke.
Gure eskualdeari dagokionez, eta aurreko neurketa edo inkestetan jasotako moduan, udalerri gehienetan euskararen ezagutza oso altua da, kasu gehienetan % 80etik gorakoa baita. Ezagutza datu altuenak belaunaldi gazteenetan jaso dira.
Gure eskualdeko herrietako euskararen ezagutza, beraz, oso handia da, eta datu positiboa da oso, baina horren ondoan esan beharra dago ezagutzak zertxobait egin duela behera eskualdeko udalerri gehienetan, batez ere euskaldunenetan, Euskal Herri osoan gertatu denaren antzera.
Hemen ikus daitezke datu guztiak, udalerriz udalerri eta urte ezberdinetakoak. Metodologiak dituen ezaugarriak direla-eta, datuak udalerriko egoeraren emaitza orientagarringisa hartzea gomendatzen da, eta ez datu zehatz eta itxi modura.