Azken epaia salatzeko eta euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu ditu UEMAk larunbat honetan, udaletxeen aurrean

Leitzan, Goizuetan, Areson, Aranon, Larraunen, Lekunberrin, Araitzen eta Basaburuan euskaraz bizi gara. Udalerri euskaldunak dira gureak, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira.

Horregatik, zuzenean eragiten digu Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiak.

Eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu epai horrek, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela iritzita.

Gure eskualdeko udalek bat egiten dute UEMAk egindako irakurketarekin, eta kaltetu gisa, bat egiten dute euskararen eta euskaldunon eskubideen defentsan UEMAk larunbat honetarako deitu dituen elkarretaratzeekin ere.

Beraz, dei egiten diegu euskaltzaleei, euskalgintzako eragileei eta oro har herritar guztiei euskararen aurkako eraso hau salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera kalera atera daitezen, larunbat honetan, 12:00etan, gure herrietako udaletxe aurrean eginen ditugun elkarretaratzeetara.

Hemen UEMAren adierazpena 

EUSKARAREKIN BAT!!!