Leitza-Aresoko Hamaikakoa aurkezteko ekitaldia antolatu du batzordeak.
Martxoaren 28an, ostiralean, iluntzeko 19:00etan izanen da ekitaldia.
Txalapartaren doinuak erakarriko ditu herritarrak plazara, ondotik fanfarreak girotuko du ingurua, eta segidan HAMAIKAKOA aurkeztuko dute. Leitzan, 11 pertsonekin batera 12.a ere aurkeztuko dute H hizkia jasoko duena, herriak Hikaldiarekin bat egin duela adierazteko. Eta horretarako gazte-gaztetatik hiketan egin izan duen, eta oraindik ere hitanoari eusten dion, emakume bat gonbidatu dute.
Aurkezpena bukatu eta argazkia atera ondoren, txistor pintxoak eskainiko dituzte. Eta pintxoen ondoan Euskaraldian izena eman ahal izateko mahaia egonen da. Herritarrek online zein paperean eman dezakete izena, horretarako orria betez. Izena emateko laguntza behar duenak mahaian izanen ditu Leitzako batzordekideak edonori laguntzeko prest.
Gerturatu mahaira eta egin bat Euskaraldiarekin. Elkar mugituz eginen dugu!