Maiatzaren 15etik 25era burutuko da aurtengo edizioa eta gure eskualdean, Araitz-Beteluko Euskaraz bizi taldea, Goizuetako Euskaraldia taldea, Larraun-Lekunberriko Euskara Batzordea, Basaburua-Imotz-ULtzama-Odieta-Atetz-Lantz-Anueko Euskaraldia Batzordea eta Leitzako Tximutxe Euskara Taldea, hasiak dira lanketarekin.

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Hainbat dira Euskaraldiaren helburuak:

  • Hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea.
  • Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea.
  • Tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta lankidetzan aritzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta euskal hiztunak martxan jar ditzaten.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da Euskaraldia. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da. Parte hartu nahi duten herriek eta entitateek dagoeneko izena eman dezakete Euskaraldia.eus  webgunean.

Herritarren izen ematea martxoaren 1ean abiatuko da. Ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “nirekin egizu euskaraz, lasai”. 

Esan bezala, gure eskualdeetako herri batzordeak hasi dira Euskaraldiaren lanketarekin. Hemen dituzue datozen egunotako hitzorduak:

- Larraungo batzordea: otsailak 12, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan, Larraungo udaletxean.

- Leitzako batzordea: otsailak 13, osteguna, arratsaldeko 17:30ean, Leitzako udaletxean.

- Araizko batzordea: otsailak 20, osteguna, arratsaldeko 18:30ean, Araizko udaletxean.

Basaburua-Imotz-Ultzama-Odieta-Atetz-Lantz-Anueko Euskaraldia Batzordea: apirilak 3, osteguna, arratsaldeko 18:00etan, Larraintzarko Bentan.

Animatu eta parte hartu, guztion ekarpenak giltzarri dira ekimenak gurean arrakasta izan dezan!