Euskaraldia ekimen eta ariketa arrakastatsua izan zen Euskal Herri osoan, eta milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aktibatzea lortu zuen, baita gure eskualdeko herrietan ere. Ekimen arrakastatsua izaki, aurrerantzean ere bide horretan jarraitzea erabaki zuten antolatzaileek eta 2020. urtean berriz eginen da.
Heldu den urteko ekimen hori prestatzeko lanak, nolanahi ere, aurten bertan hasiko dira, eta Euskaraldiak egin du dagoeneko Nafarroako lehendabiziko aurkezpena, Iruñean, Katakraken egoitzan. Hortik aurrera, Nafarroako hainbat herritan aurkezpen saioak, ahalduntze/prestakuntza saioak, ekitaldi publikoak eta makina bat gauza eginen dira.
Gure eskualdera ere, jakina, iritsiko da ekimena, eta herri batzuetan dagoeneko hasi dira Euskaraldia landuko duten lantaldeen lehendabiziko bilerak antolatzen: Leitzan urriaren 2an eginen da lehendabiziko bilera, Goizuetan urriaren 3an, Arriben urriaren 8an, Lekunberrin urriaren 16ean...
Lana izanen da, horrenbestez, eta nahi duen orok izanen du modua laguntzeko eta parte hartzeko, lantaldeak irekiak baitira. Arrakastatsua izan zen 2018ko Euskaraldia, hala izan dadila 2020. urtekoa ere.