Hilabete batez Euskal Herria zeharkatu ondoren amaitu da EUSKARABENTURA, gazteen espedizio ibiltaria.
Uztailaren 2an abiatu ziren Atharratzetik eta gaur, uztailaren 31n, iritsi dira Getxora, ibilaldiko azkeneko herrira. Guztira 400 kilometro egin dituzte oinez, eta 127 gazte euskaldunek parte hartu dute, denak 15 eta 17 urte bitartekoak, eta horietako bat gure eskualdekoa, Uxue Aizkorbe goizuetarra.
HELBURUAK ETA BALOREAK
Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.
Horrenbestez, honakoak dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:
- Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.
- Gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea.
- Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.
Bestalde, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa:
- Parekidetasuna
- Bizikidetza
- Ardura, autonomia
- Bizi-ohitura osasuntsuak
- Ingurumenarekiko begirunea
- Turismo eredu jasangarria
Informazio guztia eta argazkiak: https://euskarabentura.eus/eu/berriak/