Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, 2013ko apirilaren 24an egindako bileran, urteko aurrekontua onartzea erabaki zuen. 2013ko aurrekontua 246.686 eurokoa da, eta irteeretan azpiegitura nahiz funtzionamenduari dagozkion gastuekin batera, euskararen normalizaziorako ekintzei dagozkionak eta euskalgintzako eragileentzako diru-laguntzak daude.
Sarrerei dagokionez, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza aurrekontu osoaren % 3,64a da. Mankomunitateko udalek egiten duten ekarpena, berriz, aurrekontu osoaren % 88,10ekoa da. Gainerako % 8,26a zenbait proiekturen kudeaketari dagokio.
Aurrekontua onartu zen bilera berean Euskara Mankomunitateak bere estatutuak aldatu zituen Anueko Udalak Mankomunitatea utzi duelako. Aurrerantzean, beraz, 12 udalek osatuko dute euskara normalizatzeko eskualdeko toki-entitatea.