Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak abian jarri du bere web orria. Hiru eskualdetan antolaturik dauden launa udalerrik osatzen dute Euskara Mankomunitatea. Guztira hamabi udalerri dira, beraz; eta eskualde horietako bakoitzak bere euskara zerbitzua dauka. Batetik, Leitza, Goizueta, Areso eta Arano; bestetik, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Betelu; eta, azkenik, Imotz, Basaburua, Ultzama eta Odieta.

 

Web orrian euskararen egoeraren inguruko informazioa aurkituko duzue, eta egoera hori suspertzeko gure herrietan antolatzen ditugun egitasmoen berri ematen dizuegu udalerriz udalerri eta atalka antolaturik. Mankomunitatearen beraren atalean, gure egitekoa betetzeko ezinbesteko ditugun plangintzak eta aurrekontuak azaltzen dira; Euskaraz Bizi atalean, euskaraz bizi ahal izateko antolatzen dugun hainbat egitasmo. Euskara ikasteko eta sustatzeko mankomunitatean bertan eta beste erakunde batzuetan ematen diren diru-laguntzak eta bekak jakinarazten ditugu, haien deialdiak, epeak, oinarriak…

 

Baina, geure buruaz gain, besteen berri ere ematen dugu gure orrialdean; izan ere, mankomunitatearen barrutian euskararen alde ari diren eragileek eta argitalpenek ere badute bere atala. Euskararen normalizazioa helburu duten interneteko baliabide frankorekiko lotura izanen duzue bertan ageri diren esteken bidez, denak esparruz esparru sailkaturik.

 

Eta zuek ere bertan parte hartzeko aukera izanen duzue. Itzulpenak eta zuzenketak egiteko zerbitzua erabili dezakezue, adibidez. Zuenean antolatzen diren ekitaldi eta egitasmoak gure agendaren bidez iragarriko ditugu, zuen proposamenak bidaltzen badizkiguzue. Era berean, zuen ideiak, kexak eta iradokizunak bidaltzea eskertuko dugu. Azken batean, sortu berri dugun tresna berri honen helburua da denon artean euskararen alde eragitea.