Azken eguneraketa honetan gehitu diren sarrera eta azpisarrera batzuk: joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, mikromatxismo, euskara gaizto, dudan egon, egia berdadero, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko, indukziozko, afariketan...

 

Hiztegia sarean eguneratu du Euskaltzaindiak eta 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan (295 sarrera eta 351 azpisarrera); era berean, 1.130 forma moldatu edo findu ditu (938 sarrera eta 192 azpisarrera).

             Aldaketa guztiak HEMEN

Azken sei hilabeteotan, Euskararen Akademiak 646 forma berri jaso ditu bere hiztegian. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta, jakina denez, urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2023ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.

Gogoratu behar da, gainera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zela otsailean: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.

Hartara, azken sei hilabeteotan 646 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 295 sarrera eta 351 azpisarrera. Era berean, 1.130 forma moldatu edo findu ditu: 938 sarrera eta 192 azpisarrera.

Betiko legez, forma berriak landu dira, baina Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak bestelako kontu batzuk azpimarratu ditu, sarritan oharkabean pasatzen direnak: “Forma berriak landu dira, bai, baina lehendik barruan zegoen informazioari ikusgarritasuna eman zaio eguneratze honetan: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa bistaratu dugu... Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasuni dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea... Eta esaera zaharrak adibidetegitik atera ditugu eta aparteko atal batean jaso. Barruko garbiketa handia egin dugu”.