Iturria: erabili.com
Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kide guztiek (15 kidek) emandako dimisioek Euskaltzaindiaren gogoeta-aldia ekarri zuen zuzendaritzarekin sortutako tirabirak konpontzeko. Orain lortu diren akordioek ez dute Gramatika Batzordeko kide guztien adostasuna ziurtatzen. Gramatika Batzordeak datorren ostiralean, 2014-03-07, izango du akordioa lortu osteko lehenengo bilera eta bertan ikusiko da adostasun maila zenbatekoa den.
Lortutako akordiotik, Gramatika Batzordeak Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lana eguneratu eta moldatuko du. Lan hori zazpi liburukitan bilduta zegoen, eta orain 1.200 orritaldetan bilduko dute, liburu batean edo bitan. Halaber, Gramatika Batzordeak 300 orrialde inguruko laburpen bat ere egingo du.
Ildo beretik, lortutako akordioaren bidez, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Euskara Batuaren Eskuliburua egitea bultzatuko du "batzorde ahaldundu suntsikor baten bidez". Eskuliburu horrek Euskaltzaindiak emanak dituen arauak, gomendioak eta irizpenak era didaktiko eta dibulgatiboan jasoko lituzke.
Ezin konponduaren iturburua Euskara Batuaren Eskuliburua izan da, izan ere, Gramatika Batzordeak eskuliburua egin aurretik laburbilduma bat proposatu zuen, eta hori baino lehen eskuliburua ezin zitekeela egin iruditzen zitzaion.
Hona hemen Euskaltzaindiak argitaratutako oharrak zer dioen hitzez hitz:
2014ko otsailaren 28an, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian eginiko Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak, bertara bildutako eta ordezkaturiko euskaltzain oso guztien adostasunez, Zuzendaritzak aurkezturiko honako hauek berretsi ditu:
«Zarautzen 2013ko azaroaren 29an eginiko Osoko bilkuran erabakitakoaren inguruan, Baionan eginiko Osoko bilkurak aho batez erabaki zuen gogoeta-aldia hastea, 2013ko abenduaren 20an. Hartara, gogoeta-aldi horren barruan, bilera egin dute otsailaren lauan Zuzendaritzaren ordezkariek eta Gramatika batzordearen ordezkariek, eta bertan adostu dira zenbait puntu. Horren ondorioz, Zuzendaritzak, otsailaren 12an eta 26an eginiko bilkuretan, puntuok begi onez ikusten dituela erabaki du, eta gaur ekartzen dira Osoko bilkurara, honek, hala erabakitzen badu, berretsi ditzan:
- Gramatika batzordeak lan handia egingo du (Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lanaren eguneratzea eta moldaketa), Euskaltzaindiko beste batzordeek duten autonomia eta koordinazio berarekin.
- Gramatika batzordeak lan txikia egingo du (Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lanaren laburpena, proposamenak, eta abar), Euskaltzaindiko beste batzordeek duten autonomia eta koordinazio berarekin. Bi kasuetan Gramatika batzordeak zehaztuko ditu edukiak eta Osoko bilkuran aurkeztuko. Osoko bilkurak erabakiko du gero, lan hori Euskaltzaindiaren izenean argitaratu nahi badu, nola kudeatu materialen eztabaida.
- Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste liburu bat egitea bultzatuko du, batzorde ahaldundu suntsikor baten bidez. Liburu horrek (izenburua Euskara Batuaren Eskuliburua izan dezakeena), hasierako fase batean, Euskaltzaindiak emanak dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografiakoak, onomastikakoak, hiztegikoak) era didaktiko eta dibulgatiboan jasoko lituzke.
- Zuzendaritzak Osoko bilkurari proposatzen dio puntuok garatuak izan daitezela hurrengo Osoko bilkuretan, horretarako behar diren agiriak ekarriz, eta Osoko bilkuraren erabakimenean jarriz».