25 urteko ibilbidea osatu du dagoeneko Euskalgintzaren Kontseiluak. 1997an sortu zen, abenduaren 6an hain zuzen ere, eta Durangoko Azokan egin zuen bere buruaren aurkezpena. Orduan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izena hartu zuen, eta Euskal Herrian euskararen normalizazioan eta euskalgintzan lanean ari ziren gizarte eragileen bilgune eta ordezkaritza zabalena bihurtu zen.

25 urte hauetan makina bat ekimen, jarduera, kanpaina, harreman eta proposamen egin ditu Kontseiluak, eta euskalgintzako ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Hasi berritan Euskal Herriko hiriburuetako kirol estadio nagusiak betetzeko ekintza erraldoi hura antolatu zuen, eta geroztik ekimen eta urrats esanguratsu ugari egin ditu: Bai Euskarari Akordioa, Bai Euskarari Ziurtagiria, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrera, Hizkuntza Eskubideen Protokoloa, Batuz Aldatu akordioa…

25. urteurren hori ospatzeko 2022ko abenduaren 6an ekitaldia eginen du Euskalgintzaren Kontseiluak. Durangon, bere burua aurkeztu zuen toki berean hain zuzen ere. Egun horretan bertan, Kontseiluko idazkari izandako Paul Bilbaok lekukoa emanen dio Idurre Eskisabeli, eta hura izanen da aurrerantzean Kontseiluaren zuzendaritzaren lana eta dinamika gidatzeaz arduratuko dena.