Edurne Elizondo
Irurria: www.berria.info
70 pertsonak baino gehiagok manifestazioa antolatu dute, datorren martxoaren 22rako, Iruñeko Antoniuttin
«Mutu nahi gaituzte, ikusezin; baina guk argi utzi nahi dugu hemen gaudela, euskaraz bizi garela, eta aurrerantzean ere euskaraz bizi nahi dugula». Juanja Iturralderenak dira hitzak. Jendaurrean agertu zen atzo, Iruñeko Gazteluko plazan, bertze hainbat euskaltzalerekin batera, datorren martxoaren 22rako manifestaziora deitzeko. Nafarroako hiriburuko Antoniutti parketik abiatuko da, 17:30ean.
Euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Horretarako deitu dute manifestaziora, antolatzaileek plazaratu duten manifestuan idatziz azaldu dutenez. Atzo, irudi batekin ere islatu nahi izan zuten euskaldunek Nafarroan duten egoera. Ahoa eskuarekin estalita irudikatu zuten Nafarroako Gobernuak «mutu» utzi nahi dituela.
Asteon euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, eta Iruñeko haur eskolak euskaraz nahi dituzten gurasoak atera dira karrikara, Iruñean, dituzten oztopoak salatzera. Bertze hainbat esparrutan ere bada zer konpondu, Edurne Arrizibita kazetariak atzo azaldu zuenez. Hedabideen arloa jarri zuen adibide. Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe gelditu dira, azken urteotan, euskaltegiak bezala. Horregatik egin du bat Arrizibitak datorren hilabeterako antolatu manifestazioarekin. «Haien lege murriztaileak ere ez dituzte betetzen, eta gure hizkuntza eskubideak urratzen dituzte», nabarmendu zuen kazetariak, atzoko agerraldian.
Atxikimendu anitz
Patxi Uharte marrazkilaria ere jendaurrean agertu zen atzo, datorren hilabeteko manifestaziora deitzeko. «Euskararen egoera Nafarroan penagarria da», erran zuen, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu: «Desadostasuna sortu besterik ez dute nahi, hizkuntzak elkarren kontra jarrita. Eta hizkuntzak ez daude bata bestearen kontra».
70 pertsonak baino gehiagok egin dute bat, jada, martxoko manifestazio deialdiarekin. Atxikimendua agertu nahi duten herritarrek badute aukera egiteko euskaldunok.m22@gmail.com helbide elektronikora idatziz. Orain arteko deitzaileek argi dute Nafarroako Gobernuaren egungo hizkuntza politika ez dela batere egokia, eta «ozen» salatu nahi izan dute; aldi berean, «benetako hizkuntza politika eraginkorra» eskatu dute. «Hizkuntza politika zuzen batek ekarriko du hizkuntzaren normalizazioa. eta horrek bermatuko du euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea», nabarmendu dute.
Euskararen lege «eskasak» jasotakoa ere ez du betetzen Nafarroako Gobernuak, sinatzaileen hitzetan. Hartzen dituen erabakietan, gainera, «euskarari dion amorrua» argi eta garbi ikusten zaio gobernuari, manifestaziora deitu duten euskaltzaleek haien manifestuan jaso dutenez. Euskaltegien edo haur eskolen egoera adibide bat da. Baina badira bertze hainbat, manifestuan aipatu dutenez: D ereduaren aurkako kanpaina, Nafarroan EITB zabaltzeari jarritako oztopoak, Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzea, udalen euskara zerbitzuen lana zailtzea, eta epaitegietan euskara hutsez aritzerik ez izatea, bertzeak bertze.
Egoera horri «buelta emateko» beharra nabarmendu, eta aldaketa horren «gakoa» pertsonak direla erantsi dute. «Bizitzaren arlo guztietan euskara erabiltzea da kontua; euskaraz ikastea, eta euskaldun gisa harrotasunez agertzea; nonahi eta noiznahi», nabarmendu dute manifestuaren sinatzaileek.
Mezu horrekin bat egin zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Iruñean izan zen Bilbao, eta aukera baliatu zuen nabarmentzeko euskara Nafarroako «berezko hizkuntza» dela, eta, ondorioz, hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatu behar zaiela herritarrei. «Nafarroako Gobernuak, ordea, alderantzizkoa egiten du; oztopoak jarri besterik ez du egiten, euskararik mugak ezarri», salatu zuen Bilbaok.
Datorren martxoaren 22ko manifestazioaren bidez, hain zuzen ere, gizarteak «euskaraz bizi nahi duen herria» badagoela ikusiko duela argi du Kontseiluko arduradunak. Halaxe nabarmendu zuen agerraldian. Euskaldunek ez baitute mutu gelditu nahi.